Bederatzi tona elikagai jaso dira Zumaian Janari Bankuarentzat

Baleike 2019ko aza. 26a, 08:44
Argazkia: Darahli

Gipuzkoako Janari Bankuak deituta, elikagaien bilketa egin zen pasa den asteburuan, bai Zumaian baita Gipuzkoako beste herrietan ere. 

Zumaiarrek bikain erantzun dute beste behin ere. Janari Bankuko Zumaiako arduradunek adierazi dutenez, 9.000 kilo elikagai bildu ziren ostiralean eta larunbatean egindako bilketan. Horiei bonotan jasotako 4.240 euro gehitu behar zaizkie. 

"Urtean zehar boluntario lanetan ibiltzen garen guztion partetik, Zumaiako herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu beste behin eman duten erantzun bikainagatik, eta baita, nola ez, bi egun hauetan boluntario lanetan ibili diren guztiei ere", adierazi dute.