ZUT aldizkari berriarekin edukiak bertikalean

Baleike 2019ko aza. 21a, 14:32

Gazteak parte hartzaile izateaz gain, ikus-entzunezkoa oinarri duen doako aplikazio multimendia da. Gaztezuloren eta ADM SL-ren –tartean, Baleike– artean sortu dute proiektua.

Gazteentzako aldizkari digitala jaio da gaur, eta ZUT izena du. Bere lehen zenbakia aurkeztu dute gaur goizean Tabakalerako 2deo aretoan, gazte talde zabal baten eta komunikabideen aurrean. Gaztezuloren eta ADM SL-ren –Tokikom, Esguard, Anboto, Baleike, Goiena eta Euskalerria Irratia–artean sortutako proiektua da. Gazteak hartzaile ez ezik, parte hartzaile izatea helburu duen eta ikus-entzunezkoa oinarri duen produktu multimendia da. Berezitasun nabarmen batekin, gainera: "Ez biratu mugikorra; edukiak ZUTik, bertikalean ikusi!"

Goienako Josu Bilbao kazetariak aurkezpenaren hasieran adierazi duen moduan, “kalitatea, eduki bertikalak eta ikus-entzunezkoak. Horiek izango dira ZUT aplikazioaren hiru zutabeak. ZUT aldizkari digitala eskuko telefonoetan kontsumituko den proiektua da. Doako aplikazio bat da, edukiak atalka aurkeztuko dituena. ADM SLk egiten duen ttap aldizkariak badu anai-arreba teenager-a”.

Tente, zutik, zuzen. Hain zuzen ere, hortik datorkiola izena aldizkariari nabarmendu du Bilbaok: “Gazteek gaur egun edukiak kontsumitzeko duten joerari egiten dio keinu, eta mugikorra ZUTik mantentzeari, formatu horizontalera biratu gabe”.

Aldizkariaren protagonistak
Hamabostean behin eduki berriak doan eskuratzeaz gain, aurretik eskainitakoak behin eta berriz erreproduzitzeko aukera izango dute gazteek. Euskara hutsean izango da, erabat berritzailea. “Euskal Herrian ez da horrelako proiekturik ezagutzen”. Ikus-entzunezkoak eta sare sozialak –Instagram, Tik-Tok– izango dira aplikazioaren ezinbesteko aliatuak: testu gutxi eta irudi eta bideo asko.

Interakzioa bilatzen du aldizkariak, eta horretarako gazteen parte hartzea ezinbestekoa da; kontsumitzaile aktiboak izatea nahi du. Haiek izango baitira aldizkariaren protagonistak. Sare sozialak ZUTen eskutik joango dira une oro, gazteen hizkuntza-teknologikora egokitzea izango baita apustu sendoena. Eduki gehigarriak sortuko dituzte sare sozialen bidez, erronken bidez eta euren parte hartzearen bitartez.

Beitu!-ren garapena da, haren jarraipena; izan ere, orain bi urte sortu zen hedabide digital honek gaur egungo gazteen kontsumo ohiturei egokitzeko ahalegina egingo du. ZUTen bidez ikus-entzunezkoen aldeko apustu sendoa egingo du, eta Beitu!-n, aldiz, ohiko mezu bidalketa sistemaren bitartez, testuz lagunduta doazen eduki sakonagoak jorratzen jarraituko du. Proiektu beretik eta helburu berarekin jaio diren bi adar: euskal gazteak euskarazko edukiak kontsumitzeko joera berreskuratzea. Gazteen gustuko gaiak.

Gazteekin bi Focus Group egin dituztela jakitera eman du Gaztezuloko zuzendari Gaizka Izagirrek, prototipoa kontrastatu eta euren ekarpenak jasotzeko. "Garrantzitsua iruditzen zitzaigun gazteek benetan zer nahi zuten jakitea, eta zuzenean haien ekarpenak bildu ditugu edukiak lantzeko eta, batez ere, horiek zabaltzeko moduari buruz hausnartzeko. Gazteek gazteentzat eginikoa”.

Ixa-Serie aplikazioa
“Euskal Herriko lehen serie aplikazioa ZUTen bidez ikusi ahalko da soilik eta mugikorrek eskaintzen dituzten erreminta guztiak ezinbestekoak izango dira telesailean murgiltzeko. Berritzailea, estetikoki boteretsua, ausarta eta gazteek oso gustura kontsumituko dutena”, azaldu du Izagirrek. Aurkezpenean IXA lantaldekoak izan dira, proiektuan parte hartu duten hainbat aktore ere bai.

Gainerako atal finko batzuk ere izango ditu aldizkariak: ikus-entzunezko formatuan grabatuak eta Instagram storie-en kutsua izango duen elkarrizketa sorta freskoa, arina eta dibertigarria, musika atala, youtuberren iritziak eta hausnarketak bilduko dituen gunea, telesailen gaineko gomendioak, moda aholkuak, esketx formatuan edota era freskoan egindako sexologia tartea eta oso garrantzitsua izango den lehiaketa-erronka atala.

Erabiltzaileen parte hartzea ezinbestekoa izango denez, "edozein ekarpen ongietorria izango da ZUTera! Ez dugu nahi gazteak app-ean soilik geratzea, baizik hortik kanpo sare sozialen bidez gurekin harreman zuzena izatea”.