Nerea Arrien, Maite Arruti eta Nerea Eizagirre, 32. Julene Azpeitiako saridunak

Baleike 2019ko aza. 21a, 10:18

Udaletik jakitera eman dutenez, 60 lan aurkeztu dira aurten, inoizkorik gehien. Horietatik 6 dira zumaiarrek ondutakoak. Hilaren 28an egingo dute sari banaketa, osteguna, Euskararen Astearen barruan. 

Zumaiako Udalak jakinarazi ditu dagoeneko 32. Julene Azpeitia lehiaketako saridunak. Urriaren amaieran bildu zen Josu Waliñok, Ana Urkizak eta Castillo Suarezek osatutako epaimahaia, Udaleko euskara teknikaria idazkari lanetan zela. Guztira, 60 lan aurkeztu dira aurten, inoiz baino gehiago; horietatik 6 dira zumaiarrenak. Azaroaren 28an, osteguna, egingo dute sari banaketa ekitaldia, Euskararen Astearen barruan. 

Lehenengo saria, 3.000 eurokoa, Nerea Arrien Elordik eskuratu du, Kaxarranka ipuinari esker. Epaimahaiaren ustez lan onena izan da, irakurlea harrapatzeaz gain, erritmo bizi-bizia duelako, kontakizuna esaldi labur eta zehatzekin lotuz. Desrkibapenak ere aipatu ditu epaimahaiak: "Horiei esker irakurlea erraz sartzen da atmosferan, giroa oso lortua dago. Irrika sortzen du eta espektatibak betetzen ditu, oso ipuin originala da". Arrienek estreinakoz irabazi du lehiaketa hau. 

Maite Arruti Arakistainek lortu du bigarren saria, 1.500 eurokoa. Toxikoa lanak harremanen inguruan hitz egiten du, psikologiatik asko du, ispilu lanak egiten ditu eta "oso ondo landutako jokoa" erakusten du, epaimahaiaren arabera. Estiloa eta tonua oso finak direla nabarmendu dute, eta tentsioa mantentzeaz gain, jakin-mina pizten duela ere bai: "Hasieratik bukaeraraino erakargarria da".

Zumaiako onenaren saria, 1.000 eurokoa, Nerea Eizagirre Telleriarentzat izan da. Zuri ipuinak interes handia pizten duela iritzi dio epaimahaiak: "Deserria ageri da, gutxi landutako gaia. Pertsonaiak oso ondo identifikatzen dira egiten dutenarekin, eguneroko gauza txikienetan egoki deskribatuta daude". Horrez gain, ipuina oso ondo amaituta dagoela nabarmendu dute. 

Sari banaketa ekitaldia azaroaren 28an egingo dute, osteguna, Euskararen Astearen barruan. Alondegiko Oxford aretoan izango da, 19:00etan hasita. Ondoren, Maite Larburu musikariak Hezurren azpian lanean oinarritutako emanaldia eskainiko du.