Boliviako estatu kolpea gertutik jarraitzen

Baleike 2019ko aza. 20a, 09:32
Santa Cruz de la Sierran daude Nolaskoain eta Ibarguren, ikasketa beka bati esker. (Utzitakoa)

Evo Moralesen gobernuaren aurkako estatu kolpea bertatik bertara bizi izan dute Ane Nolaskoain eta Aitor Ibarguren zumaiarrek. Santa Cruz de la Sierra hirian daude, ikasketa beka bati esker.

Botoen %10eko aldearekin edo gehiagorekin irabazi zituen Evo Morales buruzagi indigenak Boliviako hauteskundeak joan den hilean. Hala, bigarren itzulia eragotzi eta lehenengoan irabazteko adina boto bildu zituen. Moralesek presidente gisa egingo zuen laugarren agintaldia baieztatu zuten boz haietako emaitzek. Hala eta guztiz ere, Carlos Mesa oposizioko liderrak Movimiento al Socialismok –Moralesen alderdiak– iruzurra egin zuela salatu zuen hurrengo egunean. 

Moralesen hautagaitzak eztabaida sortu zuen lehenago ere, Boliviako konstituzioaren arabera, presidente berak ezin dituelako bi agintaldi egin karguan. Konstituzioa aldatzeko erreferenduma egin zuten 2016an, eta ezezkoa izan zen emaitza. MASek, baina, auzitara jo zuen, eta berriz aurkeztu zen bozetara presidente indigena. 

Bozen ondorengo egunetan izan ziren protesta bortitzek eta indar armatuek behartuta, dimisioa eman eta Mexikora alde egin du Moralesek, asilo politikoa eskatuta. Gainera, oposizioko kideengandik eraso bortitzak jasan zituztela salatu zuten, indarkeria horiek guztiak estatu kolpea izan zirela argudiatuta. Mexikoko presidente Lopez Obradorrez gain, hainbat herrialdek babesa erakutsi diote Moralesi. Urola Kosta eskualdean ere izan dira protestak: ostiralean, esaterako, elkarretaratzea egin zuten Zumaian, LABek, Sortuk eta Ernaik deituta. 

Jeanine Añez Senatuko presidenteordeak presidente izendatu du bere burua, parlamentuaren herenaren babesa jasota. Moralesen alderdiak, ordea, ez du parte hartu bozketan, beren gaitzespena adierazteko. Bere alderdiaren erabakia babesteaz gain, alderdikideak zoriondu ditu Moralesek Mexikotik.

Egoera politikoa, ordea, ez da baretu herrialdean. Ikasketa beka bati esker, Bolivia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute Ane Nolaskoain eta Aitor Ibarguren zumaiarrek. Egunerokoa "etengabeko tentsioan" bizi dute, eta ikasketak bertan behera utzi behar izan dituzte biek ala biek. "Ez genekien geldialdiak zenbat iraungo zuen, baina bagenekien asko luzatzea ezinezkoa zela, hemengo herritarren %70ak baino gehiagok eguneroko lanari esker bizirauten duelako".

Geldialdiek, Boliviako gobernuari baino, herritarrei gehiago eragiten dietela uste dute zumaiarrek.
Hoiren arabera, oposizioak eta haren aldekoek "Bolivia osoa geldiarazi" zuten; "lantegiak, unibertsitateak, enpresak eta supermerkatuak. Guztia, estatuarenak ziren instituzio publikoak izan ezik". Bi aste beranduago beste deialdi bat egin zuten, presioa handitzeko helburuarekin. Instituzio publikoak hartu zituzten, Moralesen gobernuak diru-sarrera publikorik ez jasotzeko. Santa Cruz de la Sierra hirian bertan presentzia polizialik egon ez bada ere, La Pazen, Cochabamban eta Sucren istilu larriak gertatu direla diote zumaiarrek.


Bolivian gertatzen ari denaren inguruko iritzia eraikitzeko, "ezinbestekoa" iruditzen zaie errealitatea gertutik ezagutzea: "Koloniala iruditzen zaigu ohituta gauden koiuntura politiko europarretik Hego Amerikako errealitatea ulertzen saiatu eta iritzi bat ematea". Bertako errealitatea ezagutzeaz gain, hango herritarren nahiz kolektiboen ikuspuntua jaso ondoren eraiki dute beren posizioa. Zumaiarren arabera, uste baino konplexuagoa da egoera: "Moralesek justiziaren eta indigenen alde lana egin arren, bere ideietako batzuk utopian geratu dira". Azken urteotan, gainera, egoera "asko korapilatu" dela gaineratu dute.

Hasiera batean, geldialdia amaitzen ez zela ikusita, "larritasuna" sentitu eta EHUren eta senitartekoen aldetik kezka nabaritu zuten Nolaskoainek eta Ibargurenek. Moralesek dimititu zuela jakin zutenean, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuten, baina iritziz aldatu zuten: "Urte osoa hemen igaroko dugu, eta ez dugu beldurrik hemengo errealitate historiko hau gertutik bizitzen jarraitzeko".