Helene Alberdi: "Ezin zara %100 konforme egon, eta ez nago, baina uste dut denboraldi nahiko txukuna egin dudala"

Onintza Lete Arrieta 2019ko aza. 17a, 09:41

Denboraldi borobila osatu du Helene Alberdi triatleta zumaiarrak. Azaro hasieratik Tanzanian dabil oporretan, eta telefonoz hitz egin dugu berarekin.

Igerian ibili izan da txikitatik Helene Alberdi (Bilbo, 1991) Zumaiako bizilaguna, 18 urtera arte. 23 urterekin triatloia probatu, eta gustatu egin zitzaion. Gustatu bakarrik ez, punta-puntan baitabil gaur egun. Aurten bertan, txapelketa garrantzitsuak irabazi ditu: Espainiako txapeldun izan da triatloian distantzia luzean nahiz ertainean; duatloian distantzia erdian ere Espainiako txapeldun izan da; eta Espainiako Kopa ere berak irabazi du (hiru probaren arteko batezbestekoa egiten dute txapelduna erabakitzeko).

Denboraldi borobila osatu du, eta Gipuzkoako Triatloi Federazioak bera proposatu du Gipuzkoako Urteko Kirolari Onenaren izendapenerako, Gonzalo Fuentes triatletarekin batera. Erabaki horrek Tanzanian harrapatu du Alberdi, hantxe baita oporretan azaro hasieratik. Telefonoz hitz egin du BALEIKE eta Hitzarekin.

Espainiako triatloi txapelketa irabazi duzu. Horrek zer esan nahi du, munduko txapelketarako txartela lortu duzula?
Orain ari naiz datorren denboraldia planifikatzen, eta begiratu ditut zein diren datorren urteko munduko txapelketako irizpideak. Txapelketa hori egingo da Espainiakoaren ondoren. Horregatik, txartela zuzenean emango diote hurrengo urteko Espainiakoa irabazten duenari. Beste txartel batzuk, hautatzaileak erabakitzen ditu, eta nik esperantza daukat Espainiakoan lehiatu beharrik izan gabe, hautatzaileak txartela niri emango didala. Aurten munduko txapelketa maiatzean jokatu zen, eta Espainiakoak ondoren irabazi ditut. Horregatik, espero dut txapel horiek bidea irekiko didatela eta hurrengo urtean munduko txapelketan izatea.

Aurreko munduko txapelketarako ez zeneukan zuzeneko txartelik, eta hautatzaileak ez zintuen aukeratu.
Ez. Berez hautatzailea Iñaki Arenal da, baina bajan zegoen garai hartan. Haren ordezkoak ez ninduen aukeratu, eta desengainu handia sentitu nuen, uste dudalako merezi nuela han egotea. Aurten meritu gehiago egin ditudala uste dut, hirutan Espainiako txapeldun izanda, eta espero dut aurreneko aldiz aukera edukitzea munduko txapelketan parte hartzeko.

Denboraldia baloratzerakoan pozik egongo zara, ezta? Aitzakiarik ez dauka egin duzun denboraldiak.
Beti dago zer hobetua, ezin zara %100 konforme egon, eta ez nago; baina uste dut denboraldi nahiko txukuna egin dudala, eta denboraldi hasieran neuzkan helburuak bete ditudala. Pozik nago, bai.

Zer ikusten duzu hobetzeko?
Oro har, postuei begiratuta, emaitza onak lortu ditut, eta alde horretatik gustura nago. Baina urtetik urtera maila hobetu nahi dut, eta bizikletan gehiago lortzea espero nuen. Zerbait hobetu dut, baina oraindik gehien kostatzen zaidan atala da, eta hor badaukat zer lantzeko.

Ezkerrean Usoa Ostolaza zarauztarra, eta erdian Helene Alberdi Espainiako distantzia erdiko triatloi txapelketan.

Ainhoa Murua duzue entrenatzaile Usoa Ostolaza zarauztarrak eta biok. Ostolaza ere fin ibili da aurten, ezta?
Bai, egia esan asko hobetu du, eta oso ondo ibili da.

Datorren urteko irailean izango da munduko txapelketa, Herbehereetan. Harako prestatuko zara datorren denboraldian. Zer helburu jarriko diozu zeure buruari?
Distantzia luzeko Espainiako txapelketa baino luzeagoa izango da mundukoa. Espainiakoan 3 kilometro egin ditugu igerian, 120 bizikletan, eta 30 kilometro korrika. Munduko txapelketa, berriz, Ironman distantzia izango da: 4 kilometro igeri, 180 bizikletan, eta 42 korrika. Inoiz ez dut egin distantzia hori, eta helburua proba amaitzea izango da. Ondoren, han elkartzen den mailaren arabera, asko aldatzen baita urtetik urtera, ikusiko dugu 20 onenen artean, 15 onenen artean edo zer jartzen dugun helburutzat.

Hitzordu horretaz gain, beste zein dituzu buruan? Zarauzko Triatloian ikusiko zaitugu?
Zarautzen izango naiz, eta Bilbokoan ere bai ziur-ziur, hurrengo urtekoa distantzia erdiko Espainiako txapelketa izango delako. Gainerako egutegia nola osatuko dudan ikusteko daukat.

Gipuzkoako Urteko Kirolari Onenaren izendapenerako hautatu zaitu Gipuzkoako Triatloi Federazioak. Ilusioarekin hartuko dira horrelako albisteak, ezta?
Bai. Guk hau egiten dugu gustatzen zaigulako eta bete egiten gaituelako; ez daukagu ez ordainsaririk ez ezer, askotan galera gehiago izaten da irabazia baino. Eta horrelako aitortzak eskertzen dira, dena ez delako hain polita: momentu onak badaude, baina txarrak ere bai, eta nahiz eta saria ekonomikoak ez izan, beti izaten da polita egindako lana aitortzea.

Ordainsariak aipatu dituzu. Kirol batzuetan aldea ikuste da gizonezkoen eta emakumezkoen artean.
Triatloian, beste kirolekin alderatuta, ez dut halako alderik ikusten. Kirol nahiko gaztea da, ez ditu hainbeste urte, eta gaur egun txapelketetan sari ekonomikoa berbera izaten da. Badago salbuespenen bat, baina ez da ohikoa. Bestalde, diru laguntzak lortzeko orduan, babesletzak eta halakoak, gizonezkoek askoz erraztasun gehiago dute oraindik.

Espainiako distantzia erdiko duatloia ere irabazi du aurten Alberdik.
 

Babesleak izango dituzu, ala?
Bai, materiala ematen didate: arropa Roger Sport Zamudiokoak ematen dit, Zone3-k neoprenoak, eta Coprein enpresak dirulaguntza txiki bat. Ezin naiz kexatu, baina ez daukat laguntza ekonomiko indartsurik.

Denboraldia amaitu, eta Tanzaniara joan zara oporretara. Han ere kirola alde batera utzi gabe zabiltza, ordea.
Bai, kar-kar. Denboraldia Eivissan amaitu nuen urriaren 28an, eta azaroaren 2an ezkondu eta Tanzaniara etorri ginen oporretara. Astebetez Kilimanjaron ibili, eta orain pixka ba

t lasaiago gabiltza, inguruak ezagutzen ari gara. Baina guri mugitzea gustatzen zaigu, eta horregatik honelako planak egiten ditugu.

Medikuntza ikasi duzu. Triatloiarekin bateratzeko, zer moduz?
Medikuntza ikasi, MIR atera, eta lau urtez residentzian aritu naiz, hau da, lanean, baina ikasten, tutore batekin. Maiatzean amaituko dut hori, eta nire helburua da lanean jarraitzea baina triatloiari denbora gehiago eskaini ahal izatea. Izan ere, orain egunean zazpi ordu egiten dut lan, eta astean 24 orduko goardia edukitzen dut. Lanaz eta entrenatzeaz gain ez dut beste ezer egiten.

Zure bizitzako gakoetako bat diziplina dela dirudi.
Bai, triatloiari ordu asko eskaini behar zaizkio, hori da triatloiaren oinarria, orduak sartzea. Horretarako behar-beharrezkoa da diziplina, bestela ezinezkoa baita lana eta hau uztartzea.