Garai txarrari agur; eskaladako gailurrera itzuli da Eneko Carretero

Baleike 2019ko aza. 15a, 13:43

Eskalatzaile zumaiarrak bigarren egin du Espainiako Eskalada Txapelketan, boulderrean. Espainiako Kopan ariko da datorren asteburuan, Madrilen.

Eneko Carretero eskalatzaile gazteak (Zumaia, 2001) bigarren postua lortu zuen azaroko lehen egunetan Berriobeitin (Nafarroa) jokatu zen Espainiako Eskalada Txapelketan. Boulderrean lortu zuen Carreterok zilarrezko domina, ahaztu nahiko duen garai txar bati modurik onenean amaiera emanaz. 

Emaitzarekin gustura dagoela dio Carreterok. "Aurten izan dudan emaitza on bakarra izan da. Finalera pasako nintzela pentsatzen nuen, baina podiumera helduko nintzenik ez nuen uste. Txapelketa aurrera zihoala, podiumera igotzeko aukerak nituela ikusi nuen. Urte nahiko txarra izan dut, eta emaitza honekin oso gustura nago".

Ez du urterik onena izan zumaiar gazteak. Motibazio faltagatik eskaladak behar duen dedikazioa ez dio eskaini aurten. "Pixka bat galduta egon naiz. Ez nekien zer ikasi, eta parranda gehiegi ere egin ditut. Azken finean, kirol honek asko entrenatzea eskatzen du, eta aurten ez diot denbora asko eskaini. Galduta egon naiz, baina orain berriro zentratu naiz, eta hasi naiz berriro entrenatzen. Karrera aukeratu dut [magisteritza ari da ikasten], kurtsoa aurrera doa, eta nire burua zentratuagoa ikusten dut".

Bere gaztetasunean, txapelketetan beteranoa da Carretero. Euskadiko eta Espainiako txapelketetan hartu du parte, eta baita nazioarte mailakoetan ere, Europakoan eta mundukoan, kasu. Iaz, adibidez, bigarren egin zuen munduko txapelketan. Emaitza pozgarria izanik ere, izan zuen kontrako eragina: bere buruari presio handiagoa jarri zion. "Lau urte noa Espainiako selekzioarekin lehiatzen. Iaz izan nituen emaitzarik onenak, baina urtero heldu naiz Europako eta munduko txapelketetako finaletara. Presioa? Nik asko presionatzen dut nire burua. Iaz bigarren izan nintzen Munduko Txapelketan, eta esango nuke onik ez zidala egin, asko presionatu nuen eta nire burua. ‘Azpitxapelduna naiz, hemendik aurrera ezin dut okerrera egin’, esaten nuen. Gainezka egin nuen eta motibazioa galtzean izan zuen horrek eragina. Oraingo bigarren postu honek balio izan dit berriro gogoa pizteko".

Espainiako Txapelketan boulder modalitatean bakarrik hartu zuen parte, "erakartzen ninduen modalitate bakarra zen, eta, bestalde, fisikoki nire ezaugarrietara hobekien moldatzen dena ere bada". Denboraldi oso bat boulderrean aritzea buruan zuen hilabete hasieran, baina Nafarroan lortutako dominarekin asmoak bestelakoak dituela adierazi du. "Espainiako txapelketan lortutako emaitzarekin beste modalitateetan aritzeko gogoa ere sartu zait. Denboraldi berrian dena egiteko asmoa daukat. Berriro entrenatzen hasteko balio izan dit emaitzak".

Eskalada zainetan
Eskaladaz aparte, txikitan, beste kirol batzuetan ere aritu zen Carretero. "Judoa, capoeira... Futbolak ere asko erakartzan nau, baina ez dut nire burua talde bateko kide bezala ikusten", dio. "Eskalada, hasiera batean, joko bezala hartzen nuen, baina gero gehiago zentratu nintzen. Etxeko eraginagatik hasiera batean".

Bere gurasoak David Carretero eta Esther Cruz, biak, eskalatzaileak izan dira. "Biak txapelketetan ondo ibili dira", du gogoan zumaiarrak, eta horrek eragina izan zuen bere ibilbidean.  "Astebururo kanpoan izaten nintzen, eskalatzen. Azkenean lagunak egiten joan nintzen, ikusi nuen ondo moldatzen nintzela, eta gehiago murgildu nintzen kirol honetan".

Eskalatzaile ona izateko diziplinatua izatea beharrezkoa dela uste du. "Entrenatzeko gogoa izan behar duzu, justu aurten falta izan zaidana. Nire gorputza, berez, ez da eskalatzeko oso ona, pisutsua da. Baina indartsua ere banaiz, eta horrekin zertxobait konpentsatzen dut. Eskaladarako hobe da argalagoa izatea. Teknika izatea ere oso ondo etortzen da".

Urtea amaitu aurretik beste txapelketa batean hartuko du parte Carreterok. "Espainiako kopa jokatuko da datorren astean Madrilen, eta joango naiz. Beste modalitate batean da, sokekin, eta ea nola moldatzen naizen".

Etorkizunera begira ez du helburu handirik jarri nahi. "Ahalik eta gehien lehiatzea, eta ea aukera ematen didaten Espainiako selekzioarekin maila absolutuan aritzeko. Orain arte jubeniletan aritu naiz, eta absolutuan ere bai Espainia mailan. Baina inoiz ez nazioarteko txapelketetan. Noiz arte eskalatuko  dudan? Hori lehiaketak esango du. Lehiaketak berak esaten dizu lehiatzeko maila duzun edo ez".