Emakumezkoen senior mailako taldea berreskuratu du Pulpok

Baleike 2019ko aza. 14a, 09:56

Azken urteotan izandako hutsunea bete du Zumaiako eskubaloi taldeak. Emaitza onekin hasi du denboraldia. Taldea bera finkatzea da denboraldiko helburu nagusia.

Pulpo eskubaloi taldeak emakumezkoen senior mailako taldea kantxaratu du aurten. Zumaiako elkarteak ez du izan talderik maila honetan azken urteotan, eta, hutsunea beteta, eskubaloiko kategoria guztietan ditu orain taldeak, emakumezkoetan zein gizonezkoetan.

"Pulpoko zuzendaritza batzordean sartu ginenean, gure helburua senior mailako emakumezkoen taldea sortzea zen", azaldu du Joxemi Antia Pulpoko presidenteak. Horren aurretik maila horretako taldea bazegoela du gogoan. "Gu sartu aurreko denboraldi amaieran utzi zuten, eta hiru bat urtez egon da Pulpo kategoria horretako talderik gabe. Iaz ere saiatu ginen taldea ateratzen, baina arazo bat izan genuen: atezainik ez genuela taldea osatzeko. Beste kategorietan ere antzera gertatzen zaigu, atezain oso gutxi dagoela, alegia".

Aurtengo denboraldia hasi aurretik arazo bera zuten: "Jakin genuen Tolosako neska batzuk jokatzeko talderik gabe zeudela, eta haietako bat atezaina zen. Zumaiara jokatzera etortzeko proposatu genien. Ostiral batez bukatzen zen federazioan izena emateko epea, eta ostiral hartan bertan jaso genuen tolosarren oniritzia. Azkenean, egun bat geroago apuntatu ginen".

Hamabost lagunek osatzen dute taldea. "Talde oso gaztea da, jokalari zaharrenak 25 bat urte izango ditu", adierazi du Pulpoko presidenteak. Denboraldia berandu hasi dute, eta Antiak azaldu du horrek zenbait arazo sortu dizkiela: "Taldeko neskek ez zuten elkar asko ezagutzen. Horrez gain, astean zehar arazoak izaten ditugu entrenatzeko, asko kanpoan daudelako ikasketengatik. Ostiraletan biltzen da jende gehien entrenatzeko. Hala ere, talde polita dugu, eta ea mailan finkatzen garen. Emaitzak gero etorriko dira".

Taldea Gipuzkoako ligan hasi da jokatzen, eta denboraldiari gogotsu eta emaitza onekin ekin dio. Orain arte jokatutako lau partidetatik hiru irabazi dituzte, eta galdu duten bakarra Egiaren aurkakoa izan da; denboraldi amaieran goiko postuetan egoteko aukera guztiak dituen taldea da, hain zuzen ere.

Emakumezkoen senior taldea sortuta, hutsune bat bete du elkarteak. "Azken urteotan infantil, kadete eta jubenil mailetan oso ondo aritu dira Pulpoko emakumezkoen taldeak. Espainiako txapelketak jokatzera ere heldu dira batzuk. Orain ere, senior mailako talderik ez zegoelako, neska batzuk kanpora joan dira jokatzera. Horiek Zumaiara jokatzera itzuliko balira, nesken talde polita izango luke Pulpok", iritzi dio eskubaloi elkarteko presidenteak.