Gabon Koruak 75. irteera beteko du aurten

Baleike 2019ko aza. 3a, 10:02

Gabon Koruak 75. irteera beteko du aurten. Urtemuga hau ospatzeko, Agustin Zubimendi abesbatzaren zuzendariak dei egingo die noizbait abesbatzarekin abestu duten lagunei kantu kalejira honetan parte hartzeko. 

"Ospakizunak behar duen bezalako giroa izatea nahiko nuke. Horretarako, aurten erabiliko dugun abestien zerrenda oso klasikoa izango da. Era horretan, etortzen diren guztiek jakingo dituzte abestiak eta gogorarazi besterik ez zaie egin beharko", adierazi du Zubimendik. 

Aurten emakumeak eta gizonezkoak bereiztuko dituen entsegu saiorik ez da izango; denak entsegu orokorrak izango dira. Abenduaren 9, 11, 13, 16 eta 18an egingo dira entseguak Eusebio Gurrutxagako gizarte zentroan, 21:00etan; azken entsegua komentuan egingo da, hilaren 20an, 21:00etan baita ere.