Urola Kostako 139 odol emaile omenduko dituzte bihar Loiolan

Urola Kostako Hitza 2019ko urr. 26a, 11:43
Iaz omendu zituzten odol emaileak. (Hitza)

Aizarnazabalgo, Arroako, Azpeitiko, Azkoitiko, Itziarko, Errezilgo, Getariako, Zestoako, Zumaiako eta Zarauzko odol emaileek jasoko dituzte oroigarriak. Domina banaketa 13:00etan hasiko da. Ondoren, omenduek bazkaria egingo dute Kiruri jatetxean.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Urola Kostako 139 odol emaile omenduko ditu igandean, urriak 27, Loiolan egingo duten ekitaldian. 12:00etan meza izango da, eta ondoren, 13:00etan, hasiko dira odol emaileei aitortza egiteko oroigarri banaketarekin. Herriz herri banatuko dituzte oroigarriak, taldeka. Behin domina banaketa eginda, omendutako odol emaileek bazkaria egingo dute Kiruri jatetxean, 14:00 aldera. 

25 ateraldi egiteagatik zilarrezko domina banatuko diete 61 laguni. Beste 39 lagunek 40 eta 50 ateraldi artean egin dituzte, eta horiek urrezko domina jasoko dute. 60-75 odol emate egin dituzten 24 lagunek nahiz 80 odol ateraldi egin dituzten hamar lagunek Emaile Bikainaren Saria jasoko dute, eta ehun ateraldi egin dituzten bost lagunentzat, beste oroigarri bana egongo da. 

Aizarnazabalgo, Azpeitiko, Azkoitiko, Itziarko, Errezilgo, Getariako, Zestoako, Zumaiako eta Zarauzko odol emaileak izango dira omenaldian. Aizarnazabalgo sei odol emaile omenduko dituzte; Arroako hiru, Azkoitiko 49, Azpeitiko 34, Getariako bi, Itziarko lau, Zarauzko 20, Zestoako hiru, Zumaiako hamalau eta Errezilgo hiru.