‘Quitamiedos’ lanarekin hasiko da Zumaiako antzerki denboraldia

Baleike 2019ko urr. 23a, 10:34

Kulunka antzerki konpainiaren Quitamiedos antzezlanarekin hasiko da ostiralean 2019ko udazkeneko antzerki denboraldia Zumaian. Emanaldi hori 22:00etan hasiko da Aita Mari aretoan. Abendura bitartean, sei ikuskizun izango dira herriko aretoetan. Antzerkitik haratago doan eskaintza dela azpimarratu du Zumaiako Udaleko Kultura Sailak. "Antzerkiaren ordez zuzeneko arteak, arte eszenikoak aipatu beharko genituzke", dio Miriam Romatet kultura teknikariak.

Udazkeneko sasoiak udalak berak zuzenean programatutako antzezlanak eta herriko elkarte eta eragileek sortutako ekoizpenak biltzen dituela ere adierazi du kultura teknikariak. Emanaldien denboraldia, berez, urriaren 5ean hasi zen Zumaiako Udal Musika Bandak eta Esti Curiel aktoreak irudikatutako Chez Emballage ikuskizun musikatuarekin. Herriko eragileen elkarlanaren beste emaitza izango da abenduaren 14an Astindu dantza taldeak, San Pedro Abesbatzak eta Dardara kolektiboko musikari batzuek eskainiko dutena, Queen musika taldea oinarri hartuta.

Horiez gain, lau antzezlanek eta magia saio batek osatuko dute udazkeneko denboraldia. "Betiko moduan, orekaren bila jardun gara, antzezlan garaikideak batetik, magia bestetik, gizartearekiko kezkak edo mezuak ahaztu gabe".

Komedia poetikoa

Etzirako programatutako antzezlana, Quitamiedos, Kulunka Teatro konpainiaren ikuskizun berria da, Iñaki Rikartek idatzi eta zuzendutakoa. "Auto sakramental baten lurrina dario, eta B serie poetiko, dibertigarri eta hunkigarri baten alegia-kutsuak ere badauzka aldi berean", azaldu dute antzezlanaren sortzaileek. Garrantzia handiko gaiez ari da obra: bizitza, heriotza, maitasuna, gurasotasuna, suizidioa… "Baina beti anekdota soilenetik, antzerki-jolasetik eta metaforatik abiatuta".

Pertsona bat hiltzen den momentutik bere gorpua hotz gelditu eta inguruko tenperaturarekin bat egiten duen arte, topaketa bat gertatzen da: hildakoaren eta bere aingeru guardakoaren artekoa. "Eskualdeko errepide bateko kurba batek eta istripu baten ondoren puskatua agertzen den bazter-babes batek heriotza berezi, poetiko eta desakralizatu bat antzemateko bidea ematen dute", dio Kulunka taldeak Quitamiedos obrari buruz. Saio horretarako sarrerak aurrez salgai daude Turismo Bulegoan, 9,5 euroan eta 6 euroan Gazte txartela erabilita.

Eidabe taldearen Mari eta galleta fabrika haur antzerkia ikusteko izango da, berriz, azaroaren 10ean. "Berdintasunerako dei batekin jantzitako antzezlana" dela azpimarratu du kultura teknikariak.

Azaroaren 15ean aurkeztuko duten Babesleku arrotzak eta animalia basatien hotsak Zubi egitasmoko azken deialdia irabazi zuen antzezlan garaikidea da kultura teknikariaren hitzetan: "Ia testurik gabeko antzezlana da eta gorputz adierazpenak sekulako indarra du". Abenduaren 1eko magia ikuskizunaren ondoren, hil horren 13an, Zer gertatu ote zitzaion Ane Garciari? antzezlana taularatuko du Zumaian Pabellon 6 taldeak. "Ana Garcia gaztearen desagertzea abiapuntutzat hartuta gizartean hain arrunta den gorputz ‘hutsalen’ aurkako indarkeriaz arituko dira konpainia gazte honetako kideak. Bederatzi aktore gazte aritzen dira oholtza gainean, eta zer pentsatua ematen du antzezlanak". Sasoia bukatzeko, abenduaren 20an, Esti Curiel aktore zumaiarraren 35 huts sorkuntza lana ikusteko aukera izango da. Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko du lan hori.

Udazkeneko sasoia

Etzi, ostirala. Quitamiedos. (Kulunka). 22:00etan, Aita Mari aretoan.
Azaroak 10. Mari eta galleta fabrika (Eidabe). 12:00etan, Aita Mari aretoan.
Azaroak 15. Babesleku arrotzak eta animalia basatien hotsak (Rubik). 22:00etan, Aita Marin.
Abenduak 1. Sun magoa. 12:00etan, Aita Mari aretoan.
Abenduak 13. Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari? (Pabellon 6 konpainia). 22:00etan, Aita Mari aretoan.
Abenduak 20. 35 huts (Esti Curielen sorkuntza lana).