Artea ardo artean

Juan Luis Romatet 2019ko urr. 22a, 08:23

Planetak lerrokatzen dituen antigualeko emakumea, horman gora joan nahi duten alanbrezko gizontxoak, ardo botila artean ezkutatzea helburu duten lanak, eta itzalez eta forma geometrikoz osatutako koadroak. Aran Santamaria eta Ander Hormazurik zumaiarrek beraien unibertso artistikoa eraman dute Zarauzko Lukas ardotegira (Ipar kalea, 3). Ardo botilen artean girotutako erakusketa hau azaroaren 4ra arte izango da zabalik.

Artea eta ardoa uztartzen ditu orain bi urtetik hona Zarauzko alde zaharrean kokatzen den espazio honek. “Manu Urbieta zarauztarrak kudeatzen ditu bertako erakusketak, eta haren bidez heldu zitzaidan erakusketa egiteko proposamena”, dio Hormazurik. “Gero, Aran gonbidatu genuen erakusketa honetan parte hartzera”.

Urtebeteko epean Hormazurik eta Santamariak muntatzen duten hirugarren erakusketa da Zarauzko hau. Zumaiako Kofradiako salmenta gelan erakutsi zituzten beraien lanak orain urtebete, Amaia Zinkunegi artista zarauztarrarekin batera, Itsasotik herrira ekimenaren barruan. “Handik hilabete batzuetara Kabiko erakusketa etorri zen”, du gogoan Hormazurik. Martxoan egin zuten erakusketa hori bi zumaiarrek. “Kabin bertako espazioetara egokitu behar izan genituen lanak. Hemen, Lukasen, harrizko homak ditugu, eta niretzat, behintzat, zailagoa da”.

Kabiko eta Lukaseko erakusketen artean, ekainaren amaieran, bakarkako erakusketa ere izan zuen Hormazurik Alondegiko Oxford aretoan, eta harako prestatutako lan batzuk eraman ditu Zarautzera. Itsasoak kostara ekarritako egurrarekin eta alanbrezko gizontxoekin egindako pieza berriekin osatu du Anderrek erakusketaren bere zatia.

Ardotegiko txoko batean dagoen pianoaren inguruko espazioa eskatu zuen Santamariak bere lanak erakusteko. “Pianolen orriekin egindako lanak egiten ari nintzen, eta haiekin jarraitu nahi nuen. Gero, ardotegi bat denez, botila huts batzuk eskatu nituen eta haiekin egin ditut obra batzuk”. Arrainen eskamak eta amuak, planetak eta partiturak sartu ditu Santamariak beirazko edukiontzi horietan.

Kabiko erakusketan planetak ziren Santamariaren obra batzuetako protagonistak, eta bide horretatik jarraitu du Lukas ardotegiko proposamenean ere, bai pianolako orri gainean, baita botilen barruan ere. Partiturek ere beren presentzia dute erakusketa honetan, eta jolasak ere bai: “Sekretua izena jarri diot obra bati. Sarrionandiaren izen bereko testu bat dago ezkutatuta botila horretan”, dio Santamariak.

Santamariak eta Hormazurik Zarauzko Arrosaregi parkean egingo den erakusketa kolektibo batean hartu dute parte urrian. Amaia Zinkunegirekin elkartuko dira berriro ere. Bidaiak jarrai dezala.