Zabaldu dute XVIII. Klarinete Maratoirako izen-ematea

Baleike 2019ko urr. 10a, 15:50

Klarinete doinuek hartuko dituzte Zumaiako hainbat txoko azaroaren 27tik abenduaren 1era bitartean. XVIII. Klarinete Maratoia egingo da egun horietan, eta, ohikoa den bezala, ikastaroak eta kontzertuak egingo dira. Ikastaroetarako izen-ematea zabalik dago jada.

Klarinete Maratoia Zumaian antolatzen den hezkuntza-egitasmo orijinal bat da. 2002an sortua, klarinetearen zabalkundea eta irakaskuntza ditu helburu nagusia. Hamazazpi maratoien ondoren, ekimenak oinarri sendoak ditu. Horren erakusle da urte hauetan guztietan 900dik gora ikaslek hartu dutela parte ikastaroetan. 

Azken urte hauetan Sapere Aude Sinfoniettak antolatu du Maratoia. Aldatzen ez dena ikastaroen arduraduna da: Carlos Casadó klarinete jotzaile valentziarra eta Espainiako Orkestrako kideak zuzenduko ditu taldekako eta bakarkako klaseak. Ikastaro hauetan musika eskoletan instrumentu hau ikasten ari diren lagunek hartzen dute parte, eta baita klarinetea lanbidetzat izango duten ikasleek ere: kontserbatorioetako ikasleek, orkestretako kideek, etab.

Horrez gain, Ainhoa Miranda musikari gasteiztarrak Alexander teknikaren inguruko saioak eskainiko ditu aurten ere. Alexander Teknika tentsioak, bizkarreko minak sortzen dituen jarrera txarrak, lesio muskularrak, ahots arazoak eta abar aurre ikusten dituen metodoa da.

Berrikuntza bezala, Urval Ensemble klarinete laukoteak workshop bat eskainiko du. Laukote laborategi bat gidatuko dute bertako taldekideek.

Ikastaro eta klase hauetarako izen-ematea dagoeneko zabalik dago www.sapereaudesinfonietta.com webgunean. 

Kontzertuak

Alde pedagogikoaz aparte, izango dira aurten ere musikazale orori irekitako kontzertuak ere. Hala, hilaren 27an ikasleen emanaldia izango da komentuan. Azaroaren 28an pintxo pote musikala egingo da Mari kalean, Valentin Manterola margolariaren estudioan. Egun bat geroago, hilaren 29ean, haurrentzako kontzertua hartuko du Alondegiko Oxford aretoak. Larunbatean, azaroaren 30ean, klarinete laukoteen kontzertua egingo da komentuan. Amaitzeko, abenduaren 1ean, bi saio izango dira: eguerdian ikasleen amaierako kontzertua Zumaienako aretoan, eta literaturari buruzko hitzaldia eta ganbera musikako kontzertua arratsaldez.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide