Maria Martinezek Buskers jaialdian hartuko du parte, Donostian

Baleike 2019ko urr. 10a, 10:53

Buskers Festival izeneko jaialdiaren bigarren edizioa antolatu dute Donostian. Hilaren 10etik 13ra bitartean egingo da, eta bertan Maria Martinez zumaiarrak hartuko du parte.

Gipuzkoako ostalarien elkarteak antolatutako jaialdia da hau, eta kalean jotzen duten musikarien lana ezagutzera emateko helburua du. Guztira Gipuzkoa mailako hogei bikote edota bakarlarik hartuko dute parte, eta Donostiako tabernetako terrazatan joko dute. Epaimahai bat izango da, eta parte hartzen duten guztien artean bost aukeratuko dituzte abenduan egingo den finalerako.

Maria Martinez abeslari zumaiarrak lehen fase honetan abestuko du. Bi lekutan arituko da asteburu honetan: bihar, ostirala, 19:30etik aurrera Intxaurrondoko Aterpe tabernan (Sagastieder plazan), eta larunbatean, ordu berean, Groseko Zinema Corner tabernako terrazan (Trueba zinemen alboan).