24 orduz igeri, odol emaileen alde

Baleike 2019ko urr. 9a, 18:00

Carlos Peña igerilari tolosarrak badu esperientzia horrelako probetan, eta larunbatean hasi eta igandean amaituko duen ekintza solidariorako ilusio berezi du. Talaipen ekingo dio igeri egiteari urriaren 12an, larunbatean, eguerdiko ordubatean. Amaitu, berriz, igandean egingo du Arranplan, ordu berean. Aldamenean izango ditu babesa ematen Itxas-Gaineko piraguistak eta Taosa igeri klubeko kideak.

Carlos Peña igerilariak 24 orduz igeri egingo du asteburuan Zumaiako odol emaileen alde. Ekintza erabat solidarioa eta altruista izango da, ez baitu horregatik ezer ere ez kobratuko.

Talaipen hasiko du proba larunbatean, urriaren 12an, 13:00etan, eta amaiera emango dio igandean, ordu berean, Arranplan. Peña ohituta dago iraupen luzeko probak egiten. Orain arte hamaika aldiz egin du 24 orduko proba bat. “36 orduko beste bat ere eginda dut eta Magallanes eta Gibraltarreko itsasarteak zeharkatu ditut, besteak beste. 30 urte daramatzat igerian eta egin ditudan proiektu guztiak solidarioak izan dira beti”, esan zuen atzo arratsaldean egin zen aurkezpenean.

Urola ibaiaren barrena egingo du igeri tolosarrak eta, guztira, 55.000 metro egitea aurreikusten du. Urte gogorra izan du lesio bat dela eta, hala ere, ilusioarekin aurkitzen da. “Duela urte batzuetatik hona odol emaileen alde zerbait egitea nahi nuen. Autobus gidaria naiz lanbidez eta Zumaian egon nintzen lanean 5 urtez. Beti gustatu izan zait herri hau eta jakin nuen hemen bazegoela odol emaileen talde polit bat. Gauzak horrela, igeriketa proba Zumaian eta bertako odol emaileen alde egitea pentsatu nuen”, kontatu zuen.

Odol emaileen elkartea pozik

Lehendabizi, ordea, Gipuzkoako odol emaileen elkartearekin jarri zen harremanetan Peña. Sabin Urcelay da bertako lehendakaria eta horrek Zumaiako taldearekin bideratu zuen. Ruben Odriozola Zumaiako odol emaileen taldeko ordezkariarentzat albiste ezin hobea izan zen. “Zortea izan dugu Peña bezalako kirolari batek odol emaileen alde horrelako ekintza bat Zumaian egitea. Sorpresaz hartu genuen berria eta segituan jarri ginen martxan. Peñaren eskaerak ikusita, Itxas-Gainekoei jo genien atea eta proiektuarekin bat egingo zutela esan ziguten. Taosarengana ere joan ginen, eta horiek ere babesa emango zigutela esan ziguten”, adierazi zuen.

Peñaren helburua jakina da: odol emaile kopurua handitzea. “Esan daiteke Zumaian pertsona dezentek ematen dutela odola, baina odol eskaria handia izaten da eta beti behar da jende gehiago. Ekintza horrekin herritarren atentzioa piztuko dugu eta ea izen-emateak lortzen ditugun. Horretarako, Arranplan kokatuko dugu txoko bat”, esan zuen Odriozolak.

Gipuzkoako odol emaileen elkarteko lehendakariarentzat ere ekintza garrantzitsua da asteburukoa. Gipuzkoan bakarrik, egunero, 160 pertsonak behar dute odol transfusioa. “Pentsa zenbat odol behar den, eta hori guztia emaileei esker lortzen da. Bide batez, herritarrei odola ematera animatu nahi diet. Azkenean ez da ezer berezirik behar eta ia edozeinek eman dezake. Hori bai, 18-65 urte bitartean izan behar du emaileak eta 50 kilo baino gehiago pisatu”, esan zuen.

Azken urteetan Zumaiako odol emaile kopurua hazi egin da, eta Urcelayk emandako datuen arabera, iaz 50 odol emaile berri izan ziren. “Guztira, 493 odol emate egon ziren pasa den urtean Zumaian”.

Herriko kirol taldeen laguntza

Carlos Peña ez da bakarrik egongo asteburuko proban: Itxas-Gaineko piraguistak eta Taosa klubeko kideak babesa ematen izango ditu aldamenean. Arritxu Iribar zinegotziak eskerrak eman zizkien bai piraguistei, bai herriko igerilariei, bai Peñari ere. “Proba gogorra izango da eta denon babesa beharrezkoa izango da, baita lehorrean dauden herritarrena ere”, nabarmendu zuen.

Carlos Peñak Urola ibaiaren ezaugarriak aztertu eta ezagutzak handitu ditu Zumaiako kirolariekin batera. “Babesa emateaz gain, elikatu egingo dute gure kirolariek. Piraguistak, esaterako, 24 ordutan izango ditu aldamenean. Erreleboak egingo dituzte. Taosakoak ere hor izango dira konpainia egiten, batez ere, proba hasieran eta bukaeran. Gogoratu behar da atzeraka egiten duela igeri Peñak, beraz, gidatu egin behar zaio”, esan zuen Iribarrek.

Marea biziak izango dira asteburuan eta horiek aprobetxatuta Itxas-Gainekoen asmoa da “ahal bada” Erromako zubira arte igotzea. Itsasoak uzten badu, Orroaga arte ere irteteko ahalegina egingo dute. “Ibilbidea pixkat bat luzatzea da asmoa, ez egiteko hain errepikakorra 24 ordutan”, esan zuten aurkezpenean.

Probak talde eta erakunde hauen babesa izango du: Itxas-Gain, Taosa, Zumaiako odol emaileak, Zumaiako Kirol Patronatua eta Zumaiako Udala.