Egoitzetako langileek lan hitzarmena eskatzeko mobilizazioekin jarraitzen dute

Baleike 2019ko urr. 9a, 11:18

Gipuzkoako zaharren egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek lan hitzarmenaren aldeko mobilizazioekin jarraitzen dute. Aste honetan bertan Gipuzkoa mailako martxa abiatu dute, eta horren baitan elkarretaratzea eta manifestazioa egin dute goizean Zumaian. 

Lan hitzarmen berria lortzeko Gipuzkoako egoitzetako langileek abian jarritako borrokak ez du etenik. 100 egunetik gora daramatzate langileek greban. Denbora honetan elkarretaratzeak egin dituzte, sinadura bilketak ere bai, eta ekainaren amaieran eskualdeko udalerrietako alkateekin ere bildu ziren beraien eskakizunen berri emateko. Aste honetan bertan Gipuzkoa mailako martxa bat hasi dute. Zumaian eta Zarautzen izan dituzte gaur geldiuneak. 

Goizeko 10:00etan elkarretaratu dira Puntanoetako Otezuri zentroaren parean, eta handik abiatu dute San Juan egoitzatik ere pasa den manifestazioa. 'Zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu!' leloa duen pankarta baten atzean joan dira egoitzetako langileak. 

Grebalariek emakume izateagatik pairatzen duten soldata arrakala salatu nahi dute martxetan, ELA sindikatutik adierazi dutenez. “Argi daukagu zergatik gertatzen ari den hau gatazka honetan, zaintza historikoki emakumeok egin dugun lana izan delako, etxean eta inongo soldatarik jaso gabe gainera. Gaur egun gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dugu, 6.000 euro gutxiago urtean, emakume izate soilagatik”.

Zumaiako erdigunean manifestatu ondoren, Zarautzera joan dira grebalariak. Maria Etxetxiki zentroan egingo dute topaketa. Urriaren 17an Azpeitian eta Azkoitian egingo dituzte ekintzak.