Zumaiako XX. Surf eta Bodyboard txapelketa jokatuko da larunbatean

Baleike 2019ko urr. 3a, 17:05

Etzi goizean kanporaketen txanda izango da, eta arratsaldean, berriz, finalak jokatzea espero dute antolatzaileek. Izen ematea Spot dendan egin behar da bihar eguerdia baino lehen.

Zumaiako Surf eta Bodyboard txapelketaren 20. edizioa jokatuko da larunbatean Itzurunen. Badira urte batzuk urteko sasoi honetan antolatzen dela txapelketa, baina hasiera batean santelmoetan jokatzen zela aipatu digu Ziske taldeko kidea den Ander Odriozolak.

Txapelketak urteurren biribila betetzeagatik, ezer berezirik ez dutela egingo kontatu du, baina betiko legez, lagunartean ongi pasatzeko eguna izango dela nabarmendu du.

Iaz bezala, surf, bodyboard, paddle eta long modalitateak jokatuko dira. "Surfari dagokionez, open, master +35, 18 urtez azpikoak eta emakumezkoak egongo dira. Bodyboarden, berriz, open, master +35 eta 18 urtez azpikoak", esan du. Maila bakoitzean gutxienez lau partaide egon behar dira. "Emakumezkoetan salbuespena egin genuen iaz, eta hiru surflari lehiatu ziren. Gero eta emakume gehiagok surfeatzen dute herrian, baina txapelketan parte hartzera ez dira animatzen eta pena da", jarraitu du.

Amaitzeko, paddle eta longboard mailak biak batera jokatuko dira. "Izen ematea bihar eguerdira arte egongo da zabalik Spot dendan, eta baldintza bakarra izango da Ziskeko kidea izatea. Hori bai, pertsona bakoitzak gehienez bi modalitatetan parte hartu ahal izango du", azaldu du.

Maila polita

Iazko txapelketan guztira 50-60 pertsona inguruk eman zuten izena, eta aurten ere beste hainbestek parte hartzea espero du. "Herrian 110 bat pertsona arituko gara, eta horietatik erdiak edo izen ematen dugu txapelketan", kontatu  du.

Txapelketa egun bakarrean jokatzea aurreikusten du Odriozolak: goizean kanporaketak, eta arratsalde-iluntzean finalak. Eguraldiari eta itsasoari dagokionez, gainera, iragarpen ona dago emanda. "Metro eta erdiko olatuak espero dira, ez dira handiak ezta txikiak ere, baina egokiak dira. Azkenean disfrutatzeko egun bat da eta olatu horiekin nahikoa da", nabarmendu du.

Urtero maila polita izaten dela azpimarratu du, eta larunbatean ere horrela izango da. "Bodyboarden maila ona dago Zumaian, eta surfean ere gero eta gehiago. Urtero saltsa egoten da, eta hala espero dugu aurtengo edizioan ere. Gainera, Alex Uranga hemendik dabil eta ziur aski parte hartuko du, beraz, bodyboarden, batez ere, lehia bizia egongo da", kontatu du irribarretsu.