Sexuan oinarrituriko eta laneko sexu jazarpenari aurre egiteko protokoloa aurkeztu dute GKN-n

Baleike 2019ko urr. 2a, 15:42

Langileen eskaera nagusietako bati erantzuna emateko sortu dute protokoloa. Gaur eguerdian sinatu dute dokumentua lantegiko horma batean Txomin Oronoz lantegiko zuzendariak; Iñigo Zaldua Berdintasun Batzordeko lehendakaria eta Giza Baliabideetako zuzendariak; Santiago Fernandez ESKko kideak; Andoni Etxaniz LABeko kideak; Felix Arregui UGTko kideak eta Berdintasun Batzordeko Oihana Umerez, Miren Ballona eta Ianire Flores.

Sexuan oinarrituriko eta laneko sexu jazarpenari aurre egiteko protokoloa sinatu dute gaur eguerdian Zumaiako GKN plantan. Horrela, bide eman dute langileen eskaera nagusi bati. “Gaur, protokolo bat sinatu da, azken batean, prebentzio-tresna bat. Gaur, sinbolikotik zehatzera eta ekintzara pasatzen gara. Eta gaur, protokolo hau sinatzea posible bada, guztion artean egindako lana eta bideari esker izan da. Izan ere, bide horri esker, edozein jazarpen-egoera desagerrarazi nahi da”, esan du Iñigo Zalduak, Berdintasun Batzordeko lehendakariak.

GKN prest agertu da lan giro atsegina eta sexu jazarpenik gabekoaren alde lan egiteko; horrek guztiak lan baldintzetan, osasun fisiko eta psikologikoan eragina duelako.

Agente konfidentzialak

Protokoloa osatzerako garaian, bereziki garrantzitsua izan da enpresak erakutsi duen borondatea, baita agente konfidentzialena ere. “Isilpeko agente horiek izango dira genero indarkeriari aurrea hartzeko tresna berri hori erabiliko duten pertsonak. Beraien konpromisorik eta inplikaziorik gabe paper honek ez du zentzurik”, azaldu du Zalduak.

Horrela, jazarpen egoerarik izanez gero, agente horiekin harremanetan jartzeko aholkua eman du. “Gure erakundean jazarpen egoerarik ez dagoela sinetsi nahi dugu, baina estatistikek eta zenbaki hotzek esaten digute ziurrenik egongo dela. Hala bada, edo horrela gertatuko balitz, isilpeko agenteekin harremanetan jarri. Hau ez da formalismo kontu bat, ezta espedientea betetzea ere. Hau prebentzioa da”, nabarmendu du.