"Familia guztiak gozatuko du 'Chez emballage' ikuskizunarekin"

Baleike 2019ko urr. 2a, 09:30

Zuzeneko musika eta antzerkia biltzen dituen proposamen honek kontsumitzen dugun plastikoa du hizpide. Esti Curiel eta Sandra Aguerrik sortu dute, Zumaiako Udal Musika Bandaren laguntzarekin. Emanaldia urriaren 5ean izango da, Zumaienan, 18:30etatik aurrera. Sarrera doakoa da.

Jolasa irudituko duen arren, funtsean, gizarteko arazo larri baten hausnarketa kontatuko du larunbatean Zumaienako aretoan taularatuko den Chez emballage ikuskizunak. "Nahi ez duzun mundu baten aurrean jolasten hastea aukera ona izan daiteke, eta hori erakutsiko dugu", kontatu du Esti Curiel aktoreak.

Joxe Mari Azkuek, Zumaiako Musika Bandaren zuzendariak, duela urtebete izan zuen ideia batetik gorpuztu dute musika eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizun hori. "Animalien inauteria izeneko obrarekin zerbait egin nahi zuela aipatu zidan, eta hortxe eman genion hasiera", esan du Curielek.

Obra horren musikari objetuen antzerkia ongi etortzen zitzaiola pentsatu zuen aktore zumaiarrak, eta hala, Tafallako laguna duen Sandra Aguerreri deitu zion. "Posible ikusten nuen bion artean zerbait polita egin ahal genuela".

Plastikoaren erabilpena

Plastikoak gizakiaren egunerokotasunean  duen indarra edo presentzia azpimarratu nahi izan dute aktoreek. "Itsasoan biltzen den plastikoen inguruan garatzen da obra, eta material birziklagarria erabiltzen dugu".

Ildo horretatik, beste ideia interesgarri bat sortu du Musika Bandak. "Aktoreek plastikoa birziklatzen dute, eta guk berriz musika. Konpositore eta kantetako pieza asko erabiltzen ditugu, eta horiekin gainera esperimentuak egingo ditugu: hau da abestiaren barruan ordena aldatu, abiadura, errepikapenak sartu...".

Biek ala biek pozik egin dute lana proiektu honetan, baina ordu asko eman dute buru belarri. "Aktoreon kasuan, batez ere, eszenografia eta atrezzoa muntatzen  pasa dugu denbora gehien. Ikuskizuna ikustera joaten direnek ikusiko dute zenbat objektu ditugun taula gainean. Hainbat tokitatik lortu dugu materiala, garbitu eta berrerabili egin dugu".

Azkuek bere aldetik, dokumentazio lan handia egin du. "Nire lana izan da eszena bakoitzari egokien zetorkion musika aukeratzea. Batzuetan zaila izan da, eta pieza bakoitzetik zati bat etortzen zitzaion ondo, beraz, lana izan da dena ongi egokitzea".

Ikuskizun mutua

Eszenatokian egongo diren materialek eta objektuek izango dute protagonismo handiena ikuskizunean, hala, aktoreek ez dute hitzik egingo. "Errespetua ematen digu publikoak ulertuko duen edo ez pentsatzeak, baina, gure ustez mezu nagusia argia da. Gainera, gure emozioak eta sentimenduak azaltzeko musikaren laguntza daukagu. Familia guztiarentzat zuzendutako ikuskizun bat da, uste dugu denek gozatuko dutela", nabarmendu dute.