Esti Curiel: “Antzezlan honek balio emozionala du, ni neu ari naizelako dena zerotik sortzen”

Baleike 2019ko ira. 28a, 14:36
Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea.

Esti Curiel aktore zumaiarrak ez du udazken honetan atsedenerako aukera handirik izango. Azaroaren 21ean, berak sortutako pertsona bakarreko antzezlana aurkeztuko du Azpeitiko Antzerki Topaketetan, eta, aurretik, urriaren 5ean, ikuskizun bat Zumaiako Musika Bandarekin Zumaienan. Horren guztiaren inguruan aritu zen hizketan iraileko Baleike aldizkarian. 

Denbora, familia, amatasuna, heriotza... Gai sakonak landuko ditu Esti Curielek azaroaren 21ean Azpeitian aurkeztuko duen antzezlanean. Sakonak, baina, betiere, umoretik eramanda. Zilborrestea(k) du momentuz izenburua antzezlanak. “Zilborrestea, berez, bakarra dugu, baina familia kontuez hitz egiten ari gara, eta soka bat bezala ikus daiteke. Ikusiko da gaur egungo emakumeak soka hori moztu nahiko duen, ahalko duen, ezingo duen...”. 

Azaroan bakarkako antzezlana aurkeztuko duzu Azpeitiko Antzerki Topaketetan.
Aurretik ere egin ditut bakarkako lanak, baina gauza txikiak izan dira, enkarguak. Hau erronka handiagotzat hartu dut. Ideia baten inguruan hasi nintzen lanean; oinordetza emozionalak hartu nituen gaitzat, eta banekien bakarrik egon nahi nuela agertokian, bakarrizketa izan behar zuela. Ez tabernan egiten diren bakarrizketen modukoa –halakoak ere egin ditut–, baizik eta pertsona bakarreko antzezlana. Amona, ama eta alaba baten historia kontatu nahi nuen, hiru pertsonaiak nik eginda. Nire adineko emakume bati agian interesatzen zaizkion gaien inguruan hitz egingo dugu: amatasuna, heriotza, familiatik eta gizartetik zer jasotzen dugun... Gaiak drama sakon baten itxura du, baina umoretik eraman nahi izan dut, eta horregatik Aitziber Garmendiari eskatu diot testua idazteko. Zuzendaria Miren Gojenola izango da.

Heriotzaz eta amatasunaz hitz egingo duzu antzezlanean. Arduratzen zaituzten gaiak al dira?
Ez dut ezer pertsonalik kontatu nahi izan; ez da ezer autobiografikoa, dena asmatutakoa da. Baina nire adin tarteko jendea ama izaten hasia da. Ez dakit ama izan nahi dudan ala ez, baina bada hitz egiteko gai bat.  

Ez duzu testu baten gainean lan egin. Sormen prozesu baten ondorioa izango da testua.
Sormen prozesuetan nahiko ohikoa da hori, inprobisatzen aritu ondoren norbaitek testua idazten du. Ideala izango litzateke testua idatzi behar duen pertsona ere inprobisazioetan izatea, baina Aitziber ez da geldirik egoten, eta berekin beste era batera egingo dugu lan. Inprobisazioen laburpen bat erakutsiko diogu, gauzak dezente zehaztuta, eta horiei hitz zehatzak jarriko dizkio berak. Momentu bakoitzean zer esan nahi dugun badakigu, baina hitz zehatzak eta umorea noiz sartu, horiek denak Aitziberrek erabakiko ditu.

"Gaiak drama sakon baten itxura du, baina umoretik eraman nahi izan dut".

Zu zara antzezlanaren abiapuntua, baina ez duzu testua idazten. Ez duzu nahi izan? Edo ez zara atrebitu?
Biak, ez naiz atrebitu eta ez dut nahi izan. Proiektu hau aurrera eramatea kristoren erronka ari da izaten niretzat. Nire beldurren aurrean, denaren aurrean aurkitzen naiz. Gai izango naiz? Ez? Gaia jarri dut, ekoizpen guztia ni ari naiz egiten, dirulaguntzak eskatu ditut, lekuak bilatzen nabil... Dena ari naiz egiten, baina den-dena ezin dut egin. Aitziberrekin iazko maiatzean hasi nintzen honi buruz hitz egiten, eta ‘marroi’ honetarako zuzendaria aurkitzea ere lana izan da. Hala zioten, ‘marroi’ bat zela. Miren aurkitu dut eta gogotsu hartu du lana.

Urte oso bat joan gara erronkak gainditzen, eta derrepentean Azpeititik deitu ninduten, eskatu nuen egonaldia onartzen zutela esateko. Ez hori bakarrik, esan zidaten azaroan izango zela estreinaldia. Proiektua pixka bat alboratuta nuela harrapatu ninduen, eta hor ikusi nuen ondo etorriko zitzaidala, fetxa bat behar nuelako. Miren sartu zen, inprobisazioak egin ditugu, Aitziberri hilabete inguru emango diogu testua idazteko, eta beste hilabete eta erdi izango dugu antzezlana muntatzeko. Justu xamar ibiliko gara, baina hala ibiltzen naiz!

Presaka ibiliko zara, baina kasu honetan antzezlana ez zaizu arrotza egingo?
Hori da. Hala ere, nahiz eta nigandik sortutako zerbait izan, elkarlanean egindako zerbait izatea nahi izan dut. Beti nahi izan dut norbait tartean sartu. Miren bere gauzak sartzen ari da, eta Aitziberrek bereak ere sartuko ditu. Hori gustatzen zait. Azken finean, talde lana izatea nahi dut.

Betiere beharrezkoa izango da beste norbaiten ahotsa edo iritzia izatea. Bestela mozkortu gaitezke gure egoan...
Gure egoan, bai, baita gure beldurretan ere. Gure artean egindako lana izanda ere, azkenean erakusteko unea heltzen da. Azpeitikoa, agian, work in progress moduko bat izango da, honaino iritsi gara, eta publikoaren feedbackarekin gauzak aldatzea ere izango da. Antzerkia beti da handitzen doan zerbait. Publikoak esaten duenari adi egon behar duzu.

Aurretik ere egin dituzu bakarkako lanak. Haiekin alderatuta desberdina al da hau?
Agian da gauzak nola hartzen ditudan nik. Antzeko gauzak egin ditut besteetan, baina hemen nik eragin diot motorrari, eta horregatik agian garrantzi handiagoa ematen diot. Hor ikusten dut aldea. Zumaiako Musika Bandarekin lanak egin ditut; Divina Comedian, adibidez, kristoren testutzarra ikasi eta moztu behar izan nuen, baina ez nion balio handirik eman. Nik, agian, ez nuke aukeratuko obra hura beste momentu batean; niri ez litzaidake aterako. Eta, horregatik, nahiz eta atzetik lan handia egon, ez diot hainbesteko baliorik ematen. Gero, beste bakarrizketa bat ere egin nuen Iruñeko konpainia batekin. Beti lanak dira, enkarguak, eta gustura egiten ditut. Baina honek balio emozionala du, ni neu ari naizelako dena zerotik sortzen. Ahalduntzen ari naiz. Modan dagoen hitza da, baina hala da.

"Behar bat den? Amets bat? Bai. Esango nuke hau niregatik egin dudala".

Beharren bat sentitzen al zenuen halako proiektu batean sartzeko?
Gogoan dut orain 7-8 urte elkarrizketa bat egin zenidatela Baleiken. Galdetu zenidaten ea zer pertsonaia egin nahiko nukeen. Pertsonaia zehatzik ez nuen, baina nirea zen zerbait egiteko gogoa nuen. Nik uste ahalduntze hori hortik datorrela. Beti izan dut nire kabuz zerbait egiteko gogoa, baina beldurra edo ardurak hor zeuden. Gaia bilatzen ibili nintzen. Zer egin? Nola egin? Denboraren gaia buruan nuen, denbora nola pasatzen den eta hori nola bizi dugun denok. Familiaren gaia ere hortik sortu zen. Pentsatu nuenean zer pertsonarekin egin ahal izango nuen lan, pauso bat eman nuen aurrera eta hor hasi nintzen lanean. Behar bat den? Amets bat? Bai. Esango nuke hau niregatik egin dudala. Askotan esaten digute aktoreei sortzaileak garela, eta ni ez nintzen hala sentitzen. Sortzailea naiz, noski! Bai horixe! Egiten ditudan pertsonaia guztiak sortzen ditut, eskatzen dizkidaten gauza txikienak ere nik sortzen ditut.

Bertigoa ere izango duzu.
Dezentekoa. Baina zerbait egingo dugun konfiantza dut. Orain Mirenekin eta Aitziberrekin babestuta sentitzen naiz, laguntza izango dudalako. Miriam Romatetek ere asko lagundu dit; nahiz eta ez egon taldean, bultzatu nau. Proiektua erakutsi nionean, zer aldatu behar nuen esan zidan. Horrek ere laguntzen dizu. Sormen prozesurako lokala ere utzi zidaten, eta eskerrak eman behar dizkiot Udalari. Lagunek ere ilusioa dute, eta ikusten duzu zugan fedea dutela. Agian hemendik bost urtera atzera begiratu eta pentsatuko dut ea zertan nenbilen. Bertigoa izateko beste arrazoi bat ere badut. Orain performanceak modan daude; Azpeitiko topaketetan lau egonaldi izango dira, eta hor lau artista izango gara, horien artean Maite Aizpurua zumaiarra. Lau ostegunetan beste hainbat estreinaldi izango dira. Hor ikustea besteek performance moduko lanak egiten dituztela, abstraktuak, eta agian zurea oso klasiko geratuko dela... Edo ez... Zeure buruari galdetzen diozu: zein da nire estiloa? Badaukat? Ez daukat? Horrek ere beldurra ematen du.

"Ez dut ezer pertsonalik kontatu nahi izan; ez da ezer autobiografikoa".

Antzezlana Forondan egin zenuen sormen prozesu baten emaitza da. Nolako prozesua izan zen?
Oso zaila; izan ere, ez nekien nola egiten ziren gauza horiek. Nik garbi nuen hiru pertsonaia izango zirela –orain agian ez dira hiru izango–, eta pertsonaia horiek definitzen hasi nintzen: ama, alaba eta amona. Pertsonaia nagusia alaba izango zen, nire adinetik hurbilena zegoelako, nahiz eta nik beste bizitza bat eduki. Pertsonaia horiek gorpuzten joan nintzen. Elementuekin ere lan egin nuen: alaba sua zen, ama lurrekoa, erabakitzailea, eta amona airea, beste laino batean dagoena. Irudi batzuk ere banituen buruan: Mexiko, rancherak, bainuontzi bat... Ez dakit hortik zer helduko den bukaerako emaitzara.

Protagonistak bakarrik ez, antzezlana egiteko ere emakumeez inguratu zara.
Nahita izan da. Miren aurkitzea oso interesgarria izan zen: ama da, ni baino helduagoa, eta beste ikuspuntu bat ematen dio. Hirurok bizitza desberdinak ditugu, eta hori ere gustatzen zait. Hirurok emakumeak izatea beharrezkoa zen. Zuzendaria aurkitzen ez nuen unean beste aukera batzuk ere okurritu zitzaizkidan, baina ez nintzen saiatu ere egin. Emakumea izatea nahi nuen.

Umorera eraman nahi duzu antzezlan hau. Genero horretan eroso sentitzen al zara?
Bai, uste dut errazagoa egiten zaidala halako pertsonaia bitxietan sartzea. Hasieran, gai honekin, oso poetikora joaten nintzen. Edukiko du kutsu poetikoa, eta nahi dut hala edukitzea; ez dut nahi izatea zerbait komertziala. Pixka bat haratago joan nahi dut; antzezlanak sakontasuna izatea ere nahi dut. Sakona bai, baina umoretik joanda. Orain bertan pertsonaia dramatikoek ez naute erakartzen, hobeto pasatzen dut komediako pertsonaiekin. Beste gauza batzuekin ere ondo pasatzen dut. Adibidez, Ekain Albiterekin film labur bat egin dut, eta oso ondo pasatu dut. Eta ez da umorekoa! Ea nonbaiten ikustea dagoen.

Zerk erakartzen zaitu aktuaziotik?
Egia esan, ez dakit nondik datorren; txikitatik gustatu izan zait. Beti nintzen etxean txisteak kontatzen zituena eta umore puntu hori jartzen zuena. Antzerkia egitea gustatzen zitzaidan, eta beti maite izan dut mozorrotzea. Eskolara aktoreak etortzen ziren, eta behin esan nuen pozik egongo nintzela asto batekin herriz herri aktuatzen. Amets hori hor zegoen eta atera da. Hori bai, % 100 saiatu behar da. Pelikuletarako jantzien arduradun lanetan ibili nintzen, asko ikasi nuen, eta han jarraitzeko aukera izan nuen. Baina hori ez zen nik nahi nuena. Guztiz saiatu behar duzu zurea dena egiten.

Zaborretik edertasuna bilatu nahian
Zilborrestea(k) ez da izango Curielek udazkenean aurkeztuko duen proiektu bakarra. Urriaren 5ean Chez Emballage izeneko ikuskizuna plazaratuko du Zumaiako Udal Musika Bandarekin, Zumaiena ikastetxeko aretoan egingo den emanaldian.

Joxe Mari Azkue Bandako zuzendariak egindako proposamena dago antzerkia eta musika uztartuko dituen ikuskizun honen sorreran. “Joxe Marik esan zidan Animalien inauteria obra jo nahi zuela, eta hortik hasi nintzen lanean. Pentsatu nuen objektuekin lan egitea ondo egongo zela, eta Tafallako lagun bati deitu nion, Sandra Aguerriri. Lagunak gara, eta antzerki mota berdina ikasi dugu. Lanean hasi ginen, ideia batzuk atera ziren, eta hor beste musika batzuk sartu genituen. Hasierako obra horretako hiruzpalau pieza besterik ez dira mantenduko azkenean”. Hitzik gabeko antzerkia dela dio Curielek. “Bandak lagunduko digu beraien musikarekin eta soinuekin. Bandako kideak istorioko parte izatea nahi dugu, unibertso honetako partaideak izatea”.

Plastikoaren gaiari helduko diote ikuskizun honetan. “Hainbeste plastikorekin bizitzeak gizartean duen eragina kontatzen dugu. Hondakin pila baten itxura duen multzo hori birziklatuko dugu eta plastiko horri guztiari bizitza ematen saiatuko gara”. Erronka baten aurrean zeudela dio: nola bihurtu zaborra zerbait polita. “Aste Santuan Granadan izan ginen, Tuttili Family konpainiarekin lanean. Magia eta objektuen arteko antzerkia egiten dute, eta astebete egon ginen beraiekin lanean. Istorioa gorpuzten eta ikuskizunak funtzionatzeko zer maila erakutsi behar duen zehazten lagundu ziguten. Gure irudimena piztu behar izan dugu, eta tailerreko prozesu ikaragarria ari da izaten”.

Ikastaroak
Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolako antzerki ikastaroa eskainiko du aurten ere Inazio Tolosarekin batera. “Haurrentzako, gazteentzako eta helduentzako ikastaroa ematen dugu, eta aurten jubilatuentzakoa ematen saiatuko gara. Ondo pasatzen dute, eta beraien egunerokotasunetik ateratzeko aukera izaten dute”. Izen ematea zabalik dago jada.