Mugi txartela herritarrengana hurbildu dute

Baleike 2019ko ira. 25a, 12:58

Egun guztian zehar Saregileen plazan izango da Mugipuzkoa ekimena. Mugi txartela tramitatzeko interesa duten herritarrek bertan izango dute argazkia ateratzeko, agirien kopiak egiteko, inprimakia betetzeko eta ordainketak burutzeko aukera.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak antolatuta, Mugipuzkoa ekimena iritsi da gaur Zumaiara. Garraio publiko jasangarriaren eredua zabaltzeko ekimen ibiltaria da Mugipuzkoa, eta Europako Mugikortasunaren Astearen harira antolatu dute. Eluska Renedo Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritzako zuzendari nagusiaren hitzetan, “programa honen helburua da mugi txartela herritarrengana gehiago hurbiltzea, hau da, gure mugikortasuna gero eta jasangarriagoa izan behar dela kontzientziatzea. Garraio jasangarria izatea denon betebeharra dela azpimarratzea da gure nahia, horregatik, herritarrengana gerturatu nahi dugu”.

Iñaki Ostolaza alkatea ere izan da ekimenean eta bat egin du Renedoren hitzekin. "Garraio publikoaren aldeko apustua ezinbestekoa da, herritarren bizitza hobetzeko eta erratzeko, zein autoen gehiegizko erabilera gutxitzeko. Horregatik garraio publikoa erabiltzera deitzen ditut herritarrak", esan du. Bestetik, jasangarritasunaren eta ingurumenaren zaintzaren erronkan jarri du fokua eta instituzio desberdinetako ordezkariek elkarlanean lan egin behar dutela nabarmendu du: "Elkarlanean eta eremu guztiei begira". Bide batez, Zumaia ongi konektatuta dagoen herria dela aipatu du, "baina horretan sakontzen jarraitu behar dugu, eta horretarako elkarlanerako bide posibleak aztertu".

Ekimeneko partaideak egun guztian zehar egongo dira Saregileen plazan, eta nahi duten herritarrek bertara joan daitezke txartela ateratzera. "Momentuan ateratzeko baliabide eta erraztasunak ipini ditugu", adierazi du Renedok. Amaitzeko, mugi txartelaren Zumaiako datuak eman dituzte. Hala, gaur egun, aktibo dauden txartelen kopurua 5.654 da. Iaz egindako txartel berriak 486 izan ziren eta urte honetako lehen seihilekoan, berriz, 240 egin dira. 2018an 317.842 bidaia kopuru egin zituzten herritarrek txartelarekin, eta 2019ko lehen seihilekoan, 125.827.