Ostirala arte dago memoria lantzeko tailerrean izena emateko aukera

Baleike 2019ko ira. 24a, 13:19

Jarduera prebentiboa da, eta oroimen nahasmenik ez duten 65 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago. Urritik abendura izango dira tailerrak. Izena Brankan eman behar da.

Zumaiako Udalak oroimen nahasmenik ez duten 65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako oroimenaren tailerra jarriko du martxan urritik abendura. Iazko martxoan jarri zen abian lehenengo aldiz, eta izan zuen arrakasta ikusita, jarraipena ematea pentsatu dute. 

Hala, hauek dira programaren helburu nagusiak:

  • 65 urteko zumaiarrei bizi kalitatea hobetu

  • Adinekoek taldean parte-hartze aktibo eta prebentiboa bultzatu

  • 65 urteko zumaiar adinekoei oroimena lantzeko aukera eskaini

  • Teknika eta tresna ezberdinen bidez adineko pertsonen oroimena landu ondorengo atalak lantzeko helburuarekin:

    • Gune kognitiboa: Gaitasun kognitiboen galera aurreikusi edo atzeratu

    • Gune psikoafektiboa: antsietate, depresio, bakardade zantzuak prebenitu, komunikazio eta talde sentipena bultzatuz

    • Harreman eta aisialdi gunea: beste pertsonekin harremana bultzatu eta ezagutza eta aisialdiko gozamena partekatu

Ikasturte honetan bi talde egongo dira, biak astelehenetan. Lehen taldeak 15:30etatik 17:00etara izango du saioa, eta bigarrenak, berriz, 17:10etatik aurrera. Tailerra Gizarte Zentroan (Hogarrean) emango da. Hori bai, izen-ematea Brankan egin behar da, eta 16,50 euro ordaindu.