Asier Garagarzak irabazi du Olarro Eguneko Argazki Rallya

Baleike 2019ko ira. 21a, 19:29

Beste urte batez, Olarro Eguneko Argazki Rallya jokatu da. Guztira 20 argazkilarik hartu dute parte; Asier Garagarzak eskuratu du lehen saria, eta Jabier Carballo izan da zumaiarren artean onena.

Aurtengoan 20 helduk eta lau gaztetxok hartu dute parte Olarro Egunean zehar jokatu den Argazki Rallyan. Goizeko 10etatik 14etara bitarte kamerak eskuan hartuta herriko kaleetan zehar argazkiak ateratzen aritu dira, eta horietako hiru aurkeztu ditu bakoitzak lehiaketara. 

Arratsaldean Alondegiko Oxford aretoan egin dute sari banaketa ekitaldia. Argazki guztiekin osatutako proiekzioaz gozatu ahal izan dute herritarrek, eta irabazleen berri eman dute ondoren: epaimahaiaren arabera, Asier Garagarza izan da guztietan onena. Ez da ohikoa Garagarza Argazki Rallyetan ikustea, baina Zumaian parte hartzen jarraituko duela nabarmendu du. Bigarren sailkatu da Manu Barreiro, eta hirugarren Nacho Castellanos. Zumairren artean onena, berriz, Jabier Carballo izan da.