Sambou Diaby: "Nire pertsonaiak bizi izan dituen egoerek bat egiten dute nirekin"

Baleike 2019ko ira. 22a, 11:30

Hiru Damatxok ekoitzitako 'Kartzela' webseriean hartu du parte Sambou Diaby aktore zumaiarrak. Haren hitzetan, orain arte izan duen papel garrantzitsuena izan da. 

Serie batean hartu duzu parte. Zer moduzko esperientzia izan da?
Fikziozko webserie bat da, baina baditu drama eta suspentse ukituak ere. Hamar-hamabi minutuko zazpi kapitulutan banatzen da istorioa. Itxialdi bat gertatzen da BECen, eta gatazka bat sortzen da. Horixe da kontatu daitekeena. Sei pertsonaia gara, hiru mutil eta hiru neska. Istorioan zehar gure arteko harremanaz jabetuko da ikuslea, eta baita hor itxita geratu izanaren zergatiaz ere.

Esperientzia polita izan da. 

Kartzela izena du webserieak.
Hori da. ETBko webgunean ikusi ahal izango da, eta, gero, esan didatenaren arabera, posible da telebistan emititzea ere. 

Eta nola sartu zara zu proiektu honetan?
Graziosoa da. EH Bilduren spotean hartu nuen parte, eta hor ezagutu nituen Hiru Damatxokoak. Handik aste batzuetara idatzi zidaten, eta proiektuan parte hartzera gonbidatu ninduten. 

Filmatzea luzea izan al da?
Zazpi kapitulu grabatu genituen bost egunetan. Edukia ordubete baino zertxobait gehiagokoa da, film luze baten antzekoa. Niretzat orain arte egin dudan papel inportanteena izan da. 

Egoera horretan nola moldatu zara?
Pazientziarekin. Pertsonaia presente izatea garrantzitsua da, sekuentzitik sekuentzira errepasatu egin behar duzu, eta aktiboa izan behar zara. BEC alokatuta genuen, gure zaindaria, eta gure amaitzeko ordua. 

Noiz ikusi ahal izango dugu?
Hilabete honetan aurkezpen batzuk egingo ditugu, eta bi kapitulu prest izango ditugu. Abendutik aurrera izango dira ikusgai ETBren webgunean. 

Nolakoa izan da pertsonaia?
Zerikusi handia du nirekin. Nire pertsonaiak bizi izan dituen egoerek bat egiten dute nirekin. Beltz euskaldun baten papera hartu dut, eta benetan pasatako egoerei egin die aurre: jendeak euskaraz nola dakidan galdetzea edo norbaitek lehenengo hitza gazteleraz egitea, esaterako. 

Urrian Madrilera zoaz ikastera. 
Urriaren 9an hasten naiz. Urtebetean hiru titulu atera nahi ditut, eta ahal dela, lana egin ere bai. Denbora gutxian ahalik eta gehien ikasi nahi dut. Eta gero hasiko naiz lan bila, ea zortea dudan...