Ibon Manterola: “Euskararen komunitatea jakintzarekin etengabe hornitu beharra dago”

UEU365 bloga 2019ko ira. 20a, 17:00

ELEBILAB Elebitasunaren Laborategiak eta UEUk elkarlanean “Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu” izeneko jardunaldia antolatu dute datorren urriaren 4 eta 5rako. Ibon Manterola Garate da antolatzaileetako bat eta “Mattin Zaku eta Etincelle/Centellita: D ereduko haurren garapen elebiduna aztergai” lana aurkeztuko du Beñat Lascanorekin batera.

 

“Euskara oinarri eta eleaniztasuna helburu” jardunaldiak non du abiapuntua?
ELEBILAB ikertaldeak hiru hamarkadako ibilbide oparoa dauka eta ikertaldean uste dugu garai egokia izan daitekeela urte hauetan guztietan ikertutakoa eta ikasitakoa gizarteari eskaintzeko. Eta baita erantzun gabe dauzkagun hainbat eta hainbat galdera interesgarri jendaurrean azaltzeko ere.

ELEBILABeko kideak askotariko ikerketa gaietan murgilduta gaude, sarritan, gainera, Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako lan-ildoei uztartuta. Munduan zehar han eta hemen gure ikerketen berri eman ohi dugu, argitaratu ere bai, euskaraz zein ingelesez, frantsesez edo gaztelaniaz, baina gure jarduna “osotasunean” erakusteko moduko jardunaldi bat egiteko aukera ikusi dugu, UEUrekin elkarlanean.

Jardunaldiari hasiera emateko irakaskuntza eleaniztuna izango duzue mintzagai. Zein ikuspuntutatik landuko duzue gaia?
Batetik, euskaraz eskolatutako ikasleen garapen elebidunari buruzko aurkezpena egingo dugu Beñat Lascano eta biok, orain arte egin ez dugun modu batean, gainera: tresna metodologiko berbera erabilita, Iparraldeko eta Hegoaldeko 5-6 eta 11-12 urte bitarteko haurren garapen elebiduna nolakoa den erakutsiko dugu. Eskoletako zein familietako hizkuntza plangintzei begira garrantzitsuak izan daitezkeen ondorioak plazaratzen saiatuko gara.

Bestetik, Ana Aldekoa, Beñat Garaio eta Maite Garciak euskara bezalako hizkuntza gutxitu bat barne hartzen duen hezkuntza eleaniztunaren hainbat praktika didaktiko aztertuko dute. Lanaren izenburua irakurri besterik ez dago, aurkezpena entzuteko gogoa pizteko: “3 txerritxoak eta 4 ipuin, otsoak etxea bota ez dezan: hezkuntza eleaniztuna hizkuntza gutxitu batekin gelaratzeko zenbait praktika.”

Elkarrizketa osorik irakurtzeko, jo unibertsitatea.net atarira.