Irudietan: Nagore Garciari babesa agertu diote gaur, Nagore Zumaian ekimenarekin

Baleike 2019ko ira. 7a, 15:49

Nagore Garciak eskerrak eman dizkie Nagore Zumaian dinamikako antolatzaileei, parte hartzaileei eta ekimena babestu duten herritar guztiei 

Irailaren 16an abiatuko dute 11/13 auziko epaiketa, eta Nagore Garciari eta beste 46 auzipeturi elkartasuna adierazteko egun osoko egitaraua antolatu dute gaur Nagore Zumaian dinamikako kideek. Goizean boleibol txapelketa jokatu dute Santiago hondartzan. Ondoren, eguerdi partean, itsas-jaitsieran iritsi dira arranplara, eta 13:30an hasita, mobilizazio zaratatsua egin dute herrian barrena. 15:00ak inguruan kofradian elkartu dira bazkari herrikoia egiteko, eta, azkenik, kontzertuekin borobilduko dute eguna.

Manifestazioaren ondoren ekitaldia egin dute, eta Nagore Zumaian dinamikako kideek, "lekuz kanpo, garaiz kanpo eta euskal jendartearen bake eta justizia nahietatik kanpo" dagoen epaiketa dela salatu dute, eta elkarbizitza, bakea eta justizia aldarrikatu dituzte. Ildo horretan, Euskal Herriko norbanako, eragile eta erakunde guztiak hartutako bidean aurrera egitera ere deitu dituzte. "Etorkizuna guztion artean, elkarrizketaren bidez eta eskubide ororen errespetuan oinarrituta eraiki behar dugun etxea da, eta guztiok gara ezinbestekoak, guztiok elkarrekin bizi behar dugun etxea baita", azaldu dute.

Ondoren, Nagore Garciak berak ere hartu du hitza, eta Nagore Zumaian dinamikako antolatzaileei, parte hartzaileei eta ekimena babestu duten herritar guztiei eskerrak eman dizkie. "Hau da epaiketa honekin eta etor daitezkeenekin amaitzeko, eta preso eta iheslari guztiak etxera ekartzeko jarraitu beharreko bidea", esan du jendaurrean.