Julio Beobidek merezi duen aitortza

Baleike 2019ko ira. 7a, 11:15

Julio Beobide artista zumaiarra hil zela 50 urte beteko dira asteazken honetan, hilaren 11n. Urteurren horren harira, eta Beobideren lanaren garrantzia azpimarratzeko, Julio Beobide 1891-1969 erakusketa antolatu dute Alondegia kultur etxean. Erakusketa atzo zabaldu zuten eta hilaren 22ra arte izango da ikusgai. 

Atzokoa ez zen irekiera soila izan, eta horren jakitun jende kopuru handia hurreratu zen Alondegiko Oxford aretora. Beobide familiako kideak bertan ziren, Zumaiako herritarrak ere bai, eta baita politikako ordezkariak ere: Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburua, Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia, eta Zumaiako Udaleko ordezkaritza zabala, Iñaki Ostolaza alkatea buru zela. 

"Zumaiako artista handienetako baten aurrean" gaudela azaldu zuen Ostolazak erakusketaren irekieran, eta erakusketa hau zabaltzea "ohore" bat zela azpimarratu zuen. Erakusketak Beobideren ekarpen artistikoa balioan jartzeko aukera ematen duela gaineratu zuen. Beobide familiak Kresala etxerako dituen ekarpenetan parte hartzeko prestutasuna ere agertu zuen alkateak, eta Aldundiari gonbitea egin zion lan horietan parte hartzeko. 

Julio Beobideren biloba Idoia Arana Beobidek eta Mari Axun Albizu herritarrak solasaldi bat izan zuten jarraian. Idoiak gogoratu zuen aitona Oiartzun etxean hil zela, baina bere bizitza osoa San Pedro kaleko etxean igaro zuela. Eskerrak eman zizkien erakusketa hau egiteko lanak utzi dituzten guztiei. "Nor izan zen Julio Beobide?", galdetu zuen Idoia bilobak. "Batez ere herriko semea zen, eta orain herriko alaba bati emango diot hitza".

"Kale berekoak ginen eta betidanik ezagutu nuen", esanaz hasi zuen solasaldia Albizuk. Txikia zela Kresala etxera joaten zirela gogoratu zuen. "Atzeko atetik sartzen ginen, aurrekoan txakur handi bat izaten zen eta. 'Julio, gu gara' esatea nahikoa izaten zen etxean sartzeko. Buztinarekin lan nola egiten zuen ikusten genuen. Aspertzen ginenean beste gela batean zituen liburuak ikuskatzen genituen. Han ikusi genituen gizonezkoen lehenengo biluziak. Juliok esaten zigun uzteko liburuak, ez zirela guretzako".

Kresalatik herritar asko pasatzen zela azaldu zuen. "Bixente Tximo, Joakin Barrabas, gizon elegante asko... Galdetzen genion ea gure txanda noiz helduko zen, gure irudia ea noiz egingo zuen. Ezetz esaten zigun". 

Balendiñe Albizur poetak Caracasetik bueltan Julio Beobideri eskaini zion poema bat irakurriz amaitu zuten solasaldia. 

San Pedro Abesbatzak bi obra abestu zituen ekitaldiaren hasieran eta amaieran. Julioren anaia Jose Mari Beobidek konposatutako obra bat abestu zuen ekitaldiaren hasieran, eta Balendiñe Albizuren poemez osatutako bigarrengo bat amaieran.

Kresalara bisitak

Gaur eta bihar Julio Beobideren tailerra izan zen Kresala etxea ezagutzeko aukera izango da. Etxeak zabalduko ditu 16:30etik 19:30era bitartean.

Erakusketa irailaren 22ra arte izango da zabalik egunero 18:30-20:30 ordutegian. Asteburuetan eguerditan ere zabalik izango da 12:30-14:00 ordutegian. Beobideren beste obra batzuk San Pedro parrokian izango dira ikusgai.