Euskal Herriko monumentu baten argazkirik onenak Arzaken bi lagunentzako menua irabazi dezake

Euskal Wikilarien Kultura Elkartea 2019ko ira. 5a, 17:14
Argazkia: @telmodeunAE

Hirugarren urtez Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak “WikiLovesMonuments” nazioarteko lehiaketa antolatu du. Helburua, ondare izendatutako eraikinen argazkiak egitea da, herriz herri dugun ondarea ezagutarazteko helburuarekin.

Aurreko urteetan eraikinen zerrenda txikiak izan ditugu, baina aurten 10.000 eraikin eta egitura baino gehiago daude zure argazkien zain. Zenbaki borobil hori gainditu dugula ospatzeko sari berezia prestatu dugu aurtengo lehiaketan: irailaren 1etik 30era bitarte igotako argazkirik onenak bi lagunentzako dastatze menua izango du zain Arzak jatetxean.

Euskal Herrian ondare zatitua dugu: administrazio bakoitzak bere zerrendak egin ditu eta zaila da guztiak batzea. Etengabeko lanaren bidez, Wikipedia aberasten duten boluntarioek eraikin horien zerrendak egin dituzte udalerriz udalerri. Orain, eraikin horien argazkiak izatea da helburua, eta argazki onak badira, are eta hobeto. Munduko Entziklopediarik handiena guztion artean osatzeko helburuarekin, nazioarteko lehiaketa hau antolatzen dugu; Euskal Herrian gure sariketa propioa izango dugu. Lehen sariaz gain, Nekaturren egonaldia eramango du bigarren sailkatuak eta bere argazkia puzzle batean hirugarrenak.

Lehiaketaren arauak eta udal guztietako zerrendak ikusteko aukera dago https://eu.wikipedia.org/wiki/Atari:Ondarea/WikiLovesMonuments_2019 helbidean.