Maila handiko pilotariak izango dira ostiraletik aurrera Zumaia Jai Alai zesta txapelketan

Baleike 2019ko ira. 4a, 16:24

Maila handiko zesta punta partidak ikusteko aukera izango da irailean zehar Zumaiako Aitzuri frontoian. Hilabete honetako lau ostiraletan Zumaia Jai Alai txapelketa jokatuko dute, eta bertan herriko hiru puntista arituko dira: Iñaki Osa Goikoetxea, Imanol Lopez eta Cosme Agirre.

Jai Alai World Tour zirkuituaren baitan sartzen da etzitik aurrera Aitzurik hartuko duen txapelketa hau. Mikel Egiguren, Jai Alive enpresa antolatzaileko arduraduna eta otsailaren 20an Aitzuriko kantxan arituko den puntista, pozik zen berriro ere Zumaian izateagatik. Txapelketaren aurkezpen ekitaldian gogoratu du 8 edo 9 urte zituela Odieta frontoira etortzen zela Mugerza maisuarekin entrenatzera. "Orain Aitzuri bezalako frontoia eta maila honetako pilotariak daude. Pozik nago horrekin". Zumaia Jai Alai txapelketak "maila handia" izango duela azpimarratu du, eta bertan Zumaiako hiru pilotari lehiatzea ere goraipatu du. "Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez munduko pilotaririk onenak dira askoren esanetan. Cosme Agirrek, berriz, potentzial handia du; Mexikon aritu zen, baina, tamalez, gazte hauek kanpora ateratzeko aukera handirik ez dute izaten".

Txapelketa hau antolatzeko egindako lana txalotu du Iñaki Ostolaza alkateak. "Esfortzu handia egin da frontoia izateko, eta orain bete egin behar da. Dinastia Etxabe txapelketa izan dugu eta zer hobeko orain maila honetako txapelketa bat izatea baino".

Txapelketa ostiral honetan bertan hasiko da final laurdenetako lehen jardunaldiarekin: Olharan-Minvielle eta Arbe-Aymar bikoteak arituko dira lehian. Hilaren 13an final laurdenetako bigarren jardunaldia jokatuko dute Cosme Agirre zumaiarrak eta Etxetok, Laduche eta Basqueren aurka.

Hilaren 20an finalaurrekoak jokatuko dituzte. Lehen partidan Mikel Egiguren eta Imanol Lopez final laurdenetako lehen jardunaldiko irabazlearen aurka arituko dira, eta bigarrengoan Iñaki Osa Goikoetxea eta Eric Irastorza bigarren jardunaldiko irabazlearen aurka. Finala irailaren 27an jokatuko da.

Partida denak 22:00etatik aurrera jokatuko dira Aitzurin, eta sarrerak 10 euroan izango dira salgai. Jardunaldi bakoitzean ostegunera arte izango dira salgai Lubaki kiroldegian, eta ostiraletik aurrera frontoian bertan.

Lopezek iazko arantza atera nahiko du. Pasa den urteko txapelketako finalera heldu zen, Olharekin bikotea osatuta, baina azken partidan Goikoetxea eta Irastorza nagusitu ziren. Lopezen ustetan politena bi pilotariak, Goikoetxea eta Lopez bera, finalera heltzea izango da. "Gero batak edo besteak irabaziko du, baina jendea pozik eta txaloka ikustea, hori da garaipena".

Goikoetxeak Irastozarekin jokatuko du beste behin ere. Presio handienetako izaten duen txapelketa dela azaldu zuen. "Erikekin batera denbora asko noa jokatzen, eta finalera heltzea polita izango da".

Agirrek adierazi zuen finalerdietara heltzea gauza handia izango zela beretzat. Aitzurin entrenatzen du eta horregatik abantailaren bat izango ote zuen galdetu zioten: "Iparraldekoen aurka agian bai, baina bi hauen aurka ez", erantzun du.

Afizionatuak aurretik

Profesional mailako partiden aurretik, afizionatuen mailako partidak jokatu dituzte. Zumaiako Pilota Elkarteko kide Iñaki Aizpuruak azaldu du bezala, maila honetako txapelketetan aritzeak bultzada handia ematen diete. Mutriku, Donostia eta Zumaiako pilotariekin hitz egin dute, baina aurkezpeneko unean oraindik partidak eta pilotariak guztiz zehaztu gabe zeuden.