Zumaiak ezin izan du bere onena eman Kontxako Banderako lehen estropadan

Baleike 2019ko ira. 1a, 11:50
Zumaiako emakumezkoen trainerua, sailkatze estropadan. (Argazkia: Intza Unanue)

Emakumezkoen traineruak zortziagarren amaitu du. Kontsolazio txandan arituko da datorren igandean, Hondarribia, Riveira eta Donostiarrarekin batera.

Zumaiako emakumezkoen traineruak ezin izan du bere onena eman Kontxako 12. Banderako lehian. Hain zuzen ere, zortzigarren postuan amaitu du lehen igandeko estropadan. Hasieran Riveirarekin lehia estua izan duen arren, galiziarrek aurrea hartu die zumaiarrei ziaboga eman ondoren. Helmugara 11:09.26ko denboran iritsi dira, Donostiarraren atzetik. Irteeran "lo hartu dutela" dio Aintzane Urbietak. Gero "gustura" egin dute estropada, baina ez dute sentsazio onarekin amaitu. Jule Egiguren arraunlaria ere bat dator Urbietarekin: "Indar falta somatu dut. Badirudi bi estropada jarraian ditugunean bigarrena ez zaigula ondo ateratzen". Datorren igandean postu hobeago bat lortzera joango dira zumaiarrak. 

Beraz, kontsolazio txandan arituko dira zumaiarrak datorren igandean, Hondarribia, Riveira eta Donostiarrarekin batera.

Emaitzak:
1. Orio: 10:43.34
2. Arraun Lagunak: 10:49.76
3. Hibaika: 10:54.04
4. San Juan: 10:56.60
5. Hondarribia: 11:01.40
6. Riveira: 11:04.84
7. Donostiarra: 11:05.92
8. Zumaia: 11:09.26