Bihar jokatuko da Itzurungo pilota txapelketako finala

Baleike 2019ko abu. 27a, 08:58

Aurtengo Itzurungo pilota txapelketa amaitzear da. Atzo jokatu ziren finalaurrekoak eta, ezustekorik ez bada, behintzat, bihar arratsaldean jokatuko dira azken partidak Larretxoko frontoi txikian.

Partida lehiatuak izan ziren atzo jokatutako biak. Lehen finalaurrekoan Oliden eta Antia Jokin Gorostola eta Mendizabalen aurka aritu ziren. Sakearekin asmatu zuen Gorostolak partidako lehen zatian eta alde handia zabaldu zuten urdinek markagailuan (2-9). Oikiarrek ez zuten, ordea, partida erregalatzeko asmorik, eta bi tantora hurreratu ziren (7-9). Gorostola eta Mendizabal ez ziren kikildu, eta berriro ere aldea zabaldu zuten (11-17, 12-18, 14-20). 17-20ko tantoan Gorostolak kolpe handi bat hartu zuen hormaren aurka, eta hortik aurrera ezin izan zuen eskuin eskuarekin jo. Mendizabalek hartu zuen bikotearen ardura, eta baita urdinek garaipena lortu ere 19-22 emaitzarekin.

Salegi-Aizpurua eta Sasiain-Joakin Gorostola bikoteek jokatu zuten bigarren partida. Norgehiagokak hiru zati izan zituela esan daiteke. Lehen zatian Salegik ez zuen aurkaririk izan aurreko koadroetan eta 11-2 emaitzarekin jarri ziren gorriak aurretik. Hor etorri zen urdinen erreakzioa. Tantoak egiten hasi ziren, eta markagailuan hurreratzen joan ziren (11-7, 12-8, 13-12). Baita partida berdindu ere (15-15, 16-16). Une horretan Salegik berriro hortzak estutu zituen eta jarraian egindako bi hormako hiru tantoei eta saketik zuzenean egindako beste bati esker, 21-16 jarri zuen bikotea aurretik. Partida 22-16 emaitzarekin amaitu zen. 

Txapelketako finalak bihar jokatuko dira, 18:30etik aurrera Larretxoko frontoian. Norgehiagokak hauek izango dira.

3. eta 4. postuetarako: Oliden-Antia / Sasiain-Joakin Gorostola
Finala: Jokin Gorostola-Mendizabal / Salegi-Aizpurua