Kontxan sartzeko lehian izango da Zumaia ETE liga bigarren amaitu ondoren

Baleike 2019ko abu. 25a, 15:35

Amaitu da dagoeneko ETE liga, Errenterian jokatu den II. Errenteria Hiria – Emakumeen Traineru Elkartea banderarekin. Zumaia bosgarren izan da gaur, eta bigarren sailkapen orokorrean.

Etxeko trainerua, Hibaika, izan da nagusi gaur eguerdian Errenterian jokatu den banderan. Zumaiak ez du erakutsi aurreko estropadetako maila, eta bosgarren postuan amaitu du, Hibaika, San Juan, Deusto eta Kaikuren atzetik. 

Hemen ikus daitezke gaurko estropadako denborak.

Sailkapen orokorrean bigarren amaitu du Zumaiak. Azken lau estropaden faltan ligako buruan zen Zumaia, baina azken txanpan hobeto moldatu dira Hibaika eta San Juan. Hibaikak irabazi du liga 150 punturekin, eta Zumaia bigarren izan da 143rekin. Hala ere, txalotzekoa da Telmo Deunek egindako lana, uretara itzuli den urtean maila bikaina erakutsi eta bost bandera irabazi dituelako.

Ostegun honetan Kontxarako sailkatze estropada jokatuko du (mutilek ere bai). Aurten emakumezkoen zortzi ontzi izango arituko dira iraileko lehen bi asteburuetan: Donostiarra eta beste zazpi klub. Zazpi horien artean egoteko lehian izango dira zumaiarrak. 

Behin Kontxa amaituta, Euskotren ligarako igoerako play offa jokatuko dute. Euskotren ligako azken sailkatua, Hondarribia, eta ETE ligako lehen biak, Hibaika eta Zumaia, izango dira lanean, Galiziako ontziek uko egin baitiote parte hartzeari. Estropada hauek irailaren 14an eta 15ean jokatuko dira.