Iñigo Peña Olinpiar Jokoetan

Zilarra eta Tokiorako txartela eskuratu ditu Iñigo Peñak

Baleike 2019ko abu. 25a, 12:30

Galanta gaur eguerdian Iñigo Peñak eta Francisco Cubelos piraguistek k2 1.000 metroko proban egindakoa. Zilarrezko domina irabazi dute Hungariako Szeged hirian jokatzen ari diren Munduko txapelketan. Ez hori bakarrik: datorren urtean Tokion izango diren joko olinpikoetarako txartela eskuratu du Espainiako selekzioko bikoak. 

Ohikoa duten bezala, azken egunerako gorde dituzte indar guztiak Peñak eta Cubelosek. Aurreko bi hitzorduak, ostiraleko sailkatze estropada eta larunbateko finalaurrekoa, kontrolpean izan zituzten, indarrak erabat agortu gabe. Finalaren ordua heldu denean eman dute. 

Zortzigarren kaletik aritu da bikoa. Gaurkoa ez zen kontrolatzeko estropada, guztia ematekoa, baizik. Eta hala atera dira, abiada osoan. Lehen partzialean hirugarren izan dira, bosgarren bigarrengoan, eta hor hortzak estutu eta bosgarren martxa eman diote motorrari. Hirugarren partzialean bigarren izan dira, eta postu horretan zeharkatu dute helmuga, Munduko txapelketa irabazi duten Alemaniako ontziarekiko segundo eta 25 ehunekora. Zilarrezko domina irabazi dute Peñak eta Cubelosek. Brontzezko domina Frantziak irabazi du. 

Dominak bakarrik ez, txapelketa honetan 2020an Japonian jokatuko diren joko olinpikoetarako txartelak ere banatzen ziren. Lehen sei selekzioak joango dira datorren urtean Tokiora, eta horien artean izango da Espainiakoa.