Emakumezkoak hirugarren izan dira Bilbon, gizonezkoak bosgarren

Baleike 2019ko abu. 24a, 14:55
Zumaiako bi traineruak astean zehar egindako entrenamendu saio batean.

Zumaiaren emakumezkoen trainerua hirugarren izan da gaur Bilbon jokatutako Bilboko emakumeen IV. ikurrinan. Gizonezkoek, berriz, estropada bikaina egin dute eta bosgarren postuan amaitu dute denboraldiari amaiera ematen dion estropada.

Bilboko emakumeen IV. ikurrina jokatu da gaur goizean Bilbon, Nerbioi ibaian. ETE ligako azken bi estropadetan bezala, Zumaia hirugarren izan da. Sorpresa bezala har daiteke bandera bigarren txandan aritu den San Juanek irabazi duela. Sorpresa ez da hainbestekoa, ordea, ikusita azken estropadetan atzetik aurrera egin duela, eta burutik oso hurbil amaitu dituela estropadak. Hibaika izan da gaur bigarren eta Zumaia hirugarren, pasaitarrekiko 7 segundora. 

Hemen ikus daitezke Bilboko estropadan izandako denborak. 

Sailkapen orokorrean Zumaiak bigarren jarraitzen du, 136 punturekin. Sailkapeneko buruan Hibaika dago, 139rekin. Bihar izango dute ligako azken estropada, Errenterian. 12:00etan hasita, II. Errenteria Hiria bandera jokatuko dute; erlojupeko estropada izango da, eta banaka arituko dira traineruak. 

Gizonezkoak bosgarren

Aho-zapore onarekin amaitu du gizonezkoen Zumaiako traineruak KAE 1 liga. Azken aldian atzeko postuetatik hurbilegi aritu da Telmo Deun, baina gaur duten guztia eman dute Nerbioien, eta bosgarren izan dira ligako azken estropadan. San Juanek irabazi du 42. Bilboko Hiria bandera, eta Getaria izan da bigarren. Liga irabazi duen Zarautz Zumaiaren atzetik sailkatu da, seigarren postuan. 

Hemen ikus daitezke estropadako denborak. 

Bilboko hitzorduak eman dio amaiera KAE 1 ligari. Zumaiak bederatzigarren postuan amaitu du aurtengo denboraldia.