Mutrikuko Amonite erraldoien misterioa

Asier Hilario. Geologian doktorea eta Geoparkeko koordinatzaile zientifikoa 2019ko abu. 20a, 09:17
Amonite erraldoiak labarretan.

Euskal Kostaldeko Geoparkea txikia da, bai, baina altxor geologiko ugari gordetzen ditu. Zenbat eta gehiago ikertu, are eta harrigarriagoak dira gure arrokek kontatzen dizkiguten istorioak. Erdiaren erdia ezagutzen dugula ere ez nuke esango. Hori da Geoparkearen helburu nagusietako bat: ondare zabal hori ikertu, babestu eta ezagutaraztea.

Altxor harrigarri horietako bat Mutrikun daukagu. 2007an ireki zen Nautilus museoan, literatura zientifikoan ezagutzen den amonite erraldoien bilduma handienetariko bat ikus daiteke. Bai! Ondo irakurri duzu. Munduan ezagutzen den amonite erraldoien bilduma handienetariko bat gure geoparkean dago. Bitxia benetan fosil ikusgarri hauen atzean dagoen historia pertsonala eta zientifikoa. Nork bildu zituen? Zergatik egin ziren erraldoi  amonite hauek momentu eta kokapen zehatz horretan?

Kardalako labarretako flysch beltza.
 
Nautilus museoan bildumaren zati ikusgarriena dago.

Narvaez Bildumaren historia

1975. urtean, Jesus Maria Narvaez, Mutrikun bizi den Bergarako mendizale eta bildumagilea, Kardaleko labarretan fosil handien maskorrak ikusten zirela konturatu zen. Azken 40 urteotan, itsasbeherak aprobetxatuz, bere emazte Esperanza Azkarraga eta kolaboratzaileekin poliki-poliki 150 ale baino gehiago berreskuratu dituzte itsasoak higatu eta desagerrarazi aurretik. Ikaragarrizko lana izan da. Mutrikuko amoniteak oso gogorrak dira eta arroketatik zizelarekin ateratzea ez da lan erraza izan, ez eta bere kokalekutik Mutrikuraino eramatea ere. Ale bakoitzak 20 kilo baino gehiago pisa ditzake, eta marearteko zabalgunean ibiltzea ez da erraza.

Ez hori bakarrik; urte hauetan guztietan ateratako aleak garbitu eta tailatu egin ditu, baina baliagarriena bere zintzotasuna izan da: Jesus Mari Narvaezek beti nahi izan du altxor geologiko hau Mutrikuko ondare bilakatzea, Mutrikuko biztanle eta bisitarientzat balioa izango duen errekurtso kultural bat sortzea, alegia.

Jesus Maria Narvaez Nautilusen lanean.

Ikerketa

Bildumagilearen lan honi esker, itsasoak higatuta desagertuko ziren ale horiek guztiak berreskuratu ahal izan ditugu, bai, baina bilduma honek hutsune handi bat zuen: fosilek beren testuingurua falta zuten. Fosil batek eman dezakeen informazioa ulertzeko, ezinbestekoa da inguruan dituen arrokak eta beste fosilak ere ulertzea. Fosil bat lekuz kanpo hitz bat esaldirik gabe irakurtzea bezala da. Zein da bere esanahia?

Horregatik, 2015. urtean Geoparkeak eta Euskal herriko Unibertsitateak ikerketa proiektu bat jarri zuten martxan, Mikel Lopez-Horgue paleontologoa eta Luis Miguel Agirrezabala ikertzaileekin. Helburua: amonite erraldoien zergatia ulertzea. Horretarako lehen pausoa amonite bakoitzari zenbaki bat jarri eta bildumaren lehen sailkapena egitea izan zen. Bigarrena, Narvaezekin labarretara joan fosil bakoitzaren kokapena zehaztu eta guztiak ortofoto batean marraztu ahal izateko. Hirugarrena eta zailena, Kardal labarretako flysch beltzaren zutabe estratigrafikoa egitea izan zen; hau da, bertan dauden kapa guztiak horizontalean bata bestearen gainean marraztea. Zutabe estratigrafikoak geologian lana egiteko ezinbesteko tresnak dira aukera ematen digutelako gure pertsonaiak (amoniteak) liburuaren orrialdeetan kokatzeko. Lan horren ondorioz, orain jakin dezakegu amonite erraldoi guztiak non, noiz eta nola agertzen diren. Orain bai gure amonite erraldoien misterioa argitzeko bidean gaude. Lehen pista: amonite erraldoiak emeak dira.

Mikel Lopez-Horgue eta Luismi Agirrezabala labarretan amoniteak kokatzen.

Zutabe estratigrafikoa eta amoniteen kokapena.

Fumarolak, petrolioa eta amonite erraldoiak

Flysch beltza Zumaiako flyscha baino zaharragoa da. Duela 100 milioi urte inguru sortu zen eta Geoparkean Aitzuriko paretatik Saturraran bitartean dauden labarretan ikus daiteke.

Garai hartan, Behe Kretazeoan, Bretainiatik gertu zegoen Iberiar penintsula poliki-poliki aldentzen hasi zen erlojuaren kontrako errotazio mugimendua eginez. Bizkaiko golkoaren sorrera izan zen hura. Mugimendu hark Euskal Herriko itsas hondoa pitzatu egin zuen. Europako kontinentetik higatutako sedimentuak itsas azpiko arroiletatik behera erortzen ziren arro sakonetara urez eta hondarrez osaturiko luizi erraldoietan. Korronte hondo itsaso hondo ilun eta buztintsura iristen zirenean, turbidita izeneko hondarrezko geruza batean metatzen ziren. Deban eta Ondarroan horrelako adibide ederrak ikus ditzakegu, baina Kardal inguruko arrokak desberdinak dira. Han arrokak beltzak eta buztintsuak dira. Turbiditak ez dira azaltzen. Litekeena da itsas hondo horretan Kardal ingurua ur eta hondarrez osaturiko korronte horiek iristen ez ziren altugune lasai bat izatea. Altugune horietan bizitza errazagoa izan zitekeen.

Geologian pista nagusiak detaile txikietan egoten dira maiz. Nola sortu zen altugune hori eta zer erlazio izan dezake amonite erraldoiekin? Kardaleko altugune hori Iberiar penintsularen errotazioaren ondorioz itsas azpian sortutako Mutrikuko failak altxatu zuten. Pitzadura hori aprobetxatuz sakonean berotutako presio handiko emari hidrotermalak egon ziren itsas azpian. Ura 100oC-tara ateratzen. Goranzko bidean ur bero horrek flysch beltzak duen materia organiko ugaria xurgatzen zuen eta hidrokarburoak sortzen zituen. Petrolioaren eta ur beroaren emari horiek itsas hondora ateratzen zirenean bakterioentzako elikagaiak ziren, eta horiek. aldi berean, gaur egun fumarola beltzetan ikusten diren ekosistema kimiosintesiko baten lehen kate maila. Ekosistema horretara egokitu ziren bibalbioak, koralak eta estromatolito fosilduak ikusi ahal dira!

Hor dago koska. Litekeena da amonite emeak errute garaian Kardal ingurura gerturatzea fumarola horien inguruan elikagai gehiago zituztelako. Momentuz hipotesi bat besterik ez da, baina ikerketa zientifikoan oinarritua eta, gainera, oso hipotesi polita.

Mikel Lope-Horgue 2019. urteko Geolodian Mutrikuko failaren mugimendua azaltzen.
 
 
Ur beroa eta hidrokarburoak itsas hondora bideratzen zituzten kanalak. Flysch beltzak nahikoa materia organikoa dauka hidrokarburo sortzaile potentzial bezala.

Mutrikuko amoniteen inguruko informazio gehiago nahi baduzu, bisitatu NAUTILUS museoa edo eman izena Geoparkeak eskaintzen duen NAUTILUS irteera gidatuan.