Zumaiako 35. Musika Jaialdia

Albokaren folk erakustaldia Mari kalean

Baleike 2019ko abu. 9a, 09:02

Dena ez da musika klasikoa Zumaiako Musika Jaialdiaren eskaintzan, eta horren adibide da atzo Alboka folk taldeak Mari kalean eskaini zuen kontzertua. 

Entzule ugari gerturatu zen atzo Mari kaleko plazatxora Alan Griffin eta Joxan Goikoetxea buru dituen taldearen kontzertua entzutera. Akordeoilariak esan zuen bezala, taldea bere urteurreneko biran dabil. "Zumaiako Musika Jaialdiak 35 urte bete ditu eta guk 25". Aurrez ere Zumaian izan zirela izan zuen gogoan, "aurreko mendean, Ikastolak deituta". 

Mende laurdeneko historia hau laburbiltzen duen azken diskoa aurkezten dabil Alboka kontzertuetan, Lurra ur haize izeneko diskoa, hain zuzen ere. Kontzertua, ordea, ez horretara mugatu, eta ibilbide osoko abestiak entzuteko aukera izan zuten bero handiari aurre eginda Mari kalera hurreratu ziren musikazaleek.