Zumaiako 35. Musika Jaialdia

Ruben Diezek zuzenduko du Sapere Aude Sinfonietta biharko kontzertuan

Baleike 2019ko abu. 3a, 10:09

Hasieran hala iragarrita bazegoen ere, osasun arazo batzuk direla medio, Fernando Velazquezek ezingo du Sapere Aude Sinfonietta orkestra zuzendu bihar Zumaiena ikastetxeko aretoan emango duen kontzertuan. Ruben Diezek hartuko du bere lekua. 

Besteak beste, RTVEko orkestra, Orquesta Sinfónica de Málaga, Orquesta Sinfónica del Vallés, Orquesta Sinfónica de Castilla y León, Orquesta Sinfónica de Sevilla, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Orquesta Sinfónica de Córdoba, Orquesta Nacional de Colombia, Orquesta Filarmónica de Chile zuzendu ditu Diezek. Zineko musikari dagokionez, piano-jotzaile bezala aritu da Guillermo del Tororen La Cumbre Escarlata, J.A. Bayonaren Un Monstruo viene a verme edo Javier Ruiz Calderaren Súper López pelikuletan. Fernando Velazquezek idatzi ditu lan hauek guztietarako musikak.

Sinfoniettak Mendelssohnen eta Mozarten obra bana joko ditu. Emanaldia 20:00etan hasiko da Zumaienako aretoan, eta sarrerak aurrez salgai daude turismo bulegoan 10 euroan; 4 euroan haurrentzat. Egunean bertan 12 egongo dira salgai.