Hemen dira Kopraixak, Itziarko jaixak

Itziarko Auzo Udala 2019ko abu. 1a, 09:21

Hemen ditugu Kopraixak, Itziarko jai nagusiak. Aurten ere egitarau bikaina prestatu du festa batzordeak. 

Abuztuak 2, ostiralean, Kopraixak girotze aldera, 17:30etan frontenis eta esku-pelota finalak jokatuko dira Zabaltsoro frontoian. 23:00etan, De Carajillos taldeak musikaz alaituko du gaua Burugorri Ostatuaren eskutik.

Larunbat goizean hasiko da aurtengo Itziarko jaietako egitaraua. 10:30ean, umeen pelota partiduak jokatuko dira Zabaltsoro frontoian. Arratsaldeko 16:00etan abiatuko da plaza ondotik IV. Itziar Trail mendi lasterketa. Ondoren, 16:15etan, umeen lasterketa egingo da. 18:30ean hasiko da festa giroa, Joselontxo´s Txarangak animatuta. 19:00etan jaurtiko da txupinazoa herriko plazan, Kopraixei hasiera ofiziala emanez. Segidan, Marixijaitsiko da kanpandorretik plazara. Berehala hasiko da danborrada herritarra, Itziarko kaleak zeharkatu eta berriro plazara bueltatuz. 20:30ean, ohiko Salbea eleizan. Azkenik, Laiotz taldeak animatuko du gaua herriko plazan.

Igandea izaten da Kopraixetako egun nagusia, Itziarko Ama Birjinari gorazarre eginaz. Goizeko 7:00etan Sakaren zezenak botako dituzte plazan. 11:30ean ospatuko da Meza Nagusia. Ondoren, txakolin dastaketa plazan, bertako ekoizleek eskainia. Harrijasotze erakustaldia ere bai, Joseba Ostolaza eta Udane Ostolaza aita-alaben eskutik, Osto eta Aleren musikaz alaituta. Gero, Endañeta harrijasotzaile itziartar entzutetsuari omenaldia egingo zaio, berriki berari buruzko liburua argitaratu den honetan. Arratsaldeko 18:00etan, XVI. Bikote Arteko Dantza Solte Txapelketa herriko plazan, Jon Ostolaza eta Rakel Pujana trikitilariek musikatuta. Ondoren, Sakaren zezenak eta errekortariak herriko plazan. Gauean, 23:00etan Anje Duhalde. Aurten, eleizan iragarri da kontzertua, aukera berezia, inondik ere.  

Astelehena Bikoteen Eguna izan ohi da. Meza ospatuko da goizeko 11:30ean. Ondoren kalejira, Jan da Eran txarangarekin. Eguerdian sagardo dastaketa kalebarrenean, bertako ekoizleen eskutik. Maddalen eta Amets Arzallus izango dira bertsotan bertan. 14:30ean herri-bazkaria frontoian. Arratsaldeko ekitaldia jolasak eta dantzaz hasiko da herriko plazan. Sakaren zezenak ere izango dira, nola ez. Gaueko 23:30etik aurrera berbena herriko plazan, Obaneuke taldearekin. Goizeko 01:00etan, berriz, sagar-dantza. Eta 02:00ak aldean Gautxorien Bertso Desapioa, Burugorri Ostatuan.

Abuztuak 6, asteartea, Umeen Eguna. Goizeko 11:00etatik aurrera, umeen arteko jolasak. 13:00etan entzierroa umeentzat. Gero zezenak eta pottokak herriko plazan. 14:00etan, umeen bazkaria Salegi Jatetxean. Arratsaldean, 17:00etan, Xabier Larrea akrobataren erakustaldia herriko plazan. Ondoren euskal dantzak, eta aerobiz saioa. Buruhaundiak ibiliko dira tartean. 19:30ean kantu-jira poteoa abiatuko da, tabernaz-taberna. 20:30ean, bokadilo jana frontoian. Eta 21:45ean suzko zezena ibiliko da herriko plazan. 22:00etatik aurrera DJ Kaktus arduratuko da plaza musikaz girotzeaz. Eguneko egitaraua amaitzeko, 22:30ean Holi Party kolore festa herriko plazan.

Asteazkena da Kopraixetako azkena, Gazteen Eguna izaten da, eta lepo dator egitaraua. Goizeko 11:00etatik aurrera umeeen jolasak jarriko dira Prozesio kalean. 11:30ean bizikleta karrerari ekingo zaio. Ondoren herri-poteoa, Jan da Eran txarangak animatuta. 13:00etan zezenak herriko plazan. 14:30ean paella txapelketa eta bazkaria. Arratsaldeko 17:30ean kuadrilen “sorpresa” eta jolasak. Ondoren gazteen aurreskua eta zezenak. Gaueko 23:00etan Bad Sound taldearen kontzertua herriko plazan. 00:30ean urteroko playback saioa. Ondoren berbena hasiko da Tximeleta taldearekin. 02:00etatik aurrera Selektah Stepi DJ, Burugorri Ostatuan. Festak amaitzeko, goizeko 7:00etan peto jaitsiera, eta gaupasazaleen argazkia.

Antolakuntzatik adierazten dute herriko festetan ez dela inolako jazarpen, baztertze eta indarkeriarik onartuko. "Ospa ditzagun festak alai eta bakean".