Zumaiako Udalak harrera egin die haur sahararrei

Baleike 2019ko uzt. 27a, 13:57

Zumaiako 70 gazte Larrabetzuko Bakeleku Udalekuetan parte hartzen ari dira, begirale gisa.

Darahli elkarteak kudeatzen dituen Larrabetzuko Bakeleku Udalekuetan parte hartzen ari dira 32 haur saharar, eta gaur eguerdian harrera egin diete Zumaiako Udalean.

Udaletxeko areto nagusira sartu bezain pronto, udalbatzar aretoko mahaian tokia hartu dute haurrek. Iñaki Ostolaza alkateak eman die ongi-etorria zumaiarren izenean, eta etorkizunean haur horiek Sahara libre bateko parlamentuan eserita egotea espero duela nabarmendu du.

Bestetik, Darahliko koordinatzaile Samuel Ruizek eskerrak eman dizkio alkateari Zumaiako alkateari harreragatik, eta keinuaren garrantzia azpimarratu du. "Sahararrek bizi duten egoera ikustarazteko, eta herritarrak gaiaz kontzientziatzeko balio du ekitaldi honek. Gainera, azpimarratu beharra dago herriko 70 gazte parte hartzen ari direla Bakeleku Udalekuetan begirale moduan. Eskerrak beraiei ere".

Ekitaldiaren amaieran, haur sahararrek oroigarria eman diote Ostolazari, eta alkateak motxila eta kamiseta bana oparitu dizkie haurrei. Bestalde, Samuel Ruizek azaldu du, haur bakoitzak olioa eta eztia ere eramango dituela etxera egonaldia bukatzen dutenean. "Olioa eta eztia oso preziatuak baitira beren gizartean"