Zuri-beltzezko argazkien magia

Baleike 2019ko uzt. 27a, 09:34
Oscar Manso eta Peio Romatet, Distira elkarteko kideekin.

Zumaiako XXXI. argazki lehiaketako sariak banatu zituzten atzo Alondegian. Horrekin batera zabaldu zen lehiaketara aurkeztutako lan onenak biltzen dituen erakusketa. 

Zuri-beltzezko argazkiei zuzendutako argazki lehiaketa da hau, eta edizio honetako gaia Lanbideak eta ogibideak izan da. Aurtengoan 247 lan aurkeztu dituzte lehiaketara. Euskal Herriko, Espainia osoko, edota Argentinako argazkilariek hartu dute parte. Distira elkarteko antolatzaileak pozik ziren parte-hartzearekin, eta, are gehiago, argazkien mailarekin. 

Epaimahaia Ainara Garciak, Mari Jose Cuellik eta Jose Luis Irigoyenek osatu dute, eta lehen saria Francisco Javier Dominguez Garcia argazkilari andaluziarrari eman diote Pastoreo en la planicie lanagatik. Bigarren saria Oscar Manso Navas gasteiztarrak irabazi du The writer argazkiagatik, hirugarren Santi Viladric Pujol kataluniarrak S/T-1 argazkiagatik, eta zumaiar onenarena Peio Romatet Esteibarrek Saretartean lanagatik. 

Bestalde, Argizaiola lehiaketako finalerako sailkatu diren Euskal Herritik aurkeztutako hiru argazki onenak ere aukeratu zituzten. Oscar Manso Navasen The writer, Jose Agustin Gurruchaga Garagarzaren Comienza un nuevo dia, eta Oscar Gaskon Marañonen Arreglando la calle dira hiru lan hauek.

Lehiaketara aurkeztutako 35 lan onenekin erakusketa muntatu dute. Erakusketa hau abuztuaren 12ra arte izango da zabalik, egunero, 18:30-20:30 ordutegian.