Lekeitiotik ere bandera ekarri dute emakumezkoek

Baleike 2019ko uzt. 25a, 14:30
Gaur eskuratu duten banderarekin pozik zumaiarrak. Argazkia: Zumaiako Arraun Elkartea

Deustok egin du bigarren, eta Hibaiak hirugarren, ETE ligako gaurko jardunaldian. 13 segundoko aldearekin, garaipen argia lortu du Zumaiako traineruak.

Fin dabiltza neskak arraunean. Hamahiru segundoko aldearekin irabazi du gaur estropada Lekeition Zumaiako traineruak, eta sailkapen orokorrean lider da, 81 punturekin. Hibaikak gertutik jarraitzen dio, 78 punturekin, baina gaurkoan behintzat zumaiarrengandik urrun ibili dira, bai Hibaika (3. sailkatu da), baita Deusto ere.

Hirugarren txandan lehiatu dira hirurak, Tolosaldearekin batera, eta zumaiarrek erraz irabazi dute bai txanda, bai estropada. Deusto, Hibaika eta Tolosaldearen artean egon da lehia bizia, bi segundoz azpiko aldearekin helmugaratu baitira hirurak. Are gehiago, Deusto eta Hibaika bost ehunenekoren tartean iritsi dira helmugara.

Ikusi gaurko emaitzak, hemen.

Hurrengo hitzordua larunbat honetan bertan dute, Kantabrian, Colindresen.

Gizonezkoak bederatzigarren

Gizonezkoen Telmo Deunek KAE-1eko estropada izan dute, Lekeition baita ere. Bederatzigarren izan dira, bere txanda irabazi ondoren. Hibaika, Santoña eta Lapurdiren aurretik sailkatu dira gorriak. 

Sailkapen orokorrean bederatzigarren postuan jarraitzen dute, 43 punturekin. 

Gaurko emaitzak hemen ikus daitezke. 

Larunbatean Santoñan izango dute estropada.