Zumaiako emakumeak hirugarren izan dira gaur Sestaon

Baleike 2019ko uzt. 20a, 14:27

Zumaia hirugarren izan da gaur Sestaon, ETE ligako seigarren estropadan. Sailkapen orokorrean bigarren dira orain gorriak, Hibaikarekin puntutara berdinduta.

Sestaon zuen hitzordua gaur emakumezkoen Telmo Deun traineruak. Sestaoko Udaleko II bandera jokatu dute goizeko 11:00etan hasita. Berdintasun itzela izan da gaurko estropadan; aipatu besterik ez lehen zazpi traineruak zortzi segundoko tartean heldu direla helmugara. 

Zumaia ohorezko txandan aritu da Hibaika eta Tolosaldearekin batera. Ziabogan segundo bakarreko aldea atera dio Hibaikak Zumaiari, eta helmugan aldea 59 ehunekoa izan da errenteriarren alde: 11:03,74 Hibaikak, eta 11:04,19 Zumaiak. Estropadako irabazlea, ordea, hirugarren txandan aritu den Deusto izan da, 11:02,77 denborarekin. 

Seigarren jardunaldi honen ondoren, Hibaika eta Zumaia 59 puntura berdinduta daude sailkapenaren buruan. Hibaika da lehena aurretik jokatutako estropadetan emaitza hobeak lortu dituelako. 

Bihar izango du hurrengo hitzordua Zumaiak, Orion jokatuko den Orioko Kanpina Bandera, hain zuzen ere. Estropada hau 18:00etan hasiko da.