Big Boy, edo ez al gara denok animaliak?

Juan Luis Romatet 2019ko uzt. 21a, 09:00

Big Boy disko berria grabatzen Zumaienako aretoan. Argazkiak: Juan Luis Romatet

Big Boy taldea bueltan da, inoiz joan ez bada ere. Bere hirugarren diskoa grabatzen aritu da, zuzenean, baina publikorik gabe, Zumaiena ikastetxeko aretoan. Epeak jartzeko beharrik ez dute, baina diskoa urte bukaera baino lehen kalean izango dela espero dute.

Pasa den larunbatean igo ziren Big Boyko taldekideak berriro oholtzara, Itzurun hondartzan egindako Surfestan. Bi bloketan banatu zuten kontzertua, Jon Garcia abeslariak, hasieran, behin eta berriz esan zuen bezala. Bigarren zatirako utzi zituzten abesti ezagunenak; lehenengoa, berriz, abesti berrientzat gorde zuten. Eta halaxe jo zuten, bloke bat izango balitz bezala, bere osotasunean, ia geldialdirik gabe. Abesti horiek osatuko dute taldearen disko berria, Big Boy (2014) eta Zapasalto (2016) CDen ondoren aterako duten hirugarrena.

“Kontzerturik ez genuen, eta aukeratu behar genuen: kanta zaharrak jo edo berriak konposatu. Hor hasi ginen kanta berriak sortzen”, dio Iñigo Garcia tronboi jotzaileak. Abesti berrietan hain propioa duten errezeta mantentzen dute: umorea, surrealismoa eta haizezko instrumentuek ekartzen duten Balkanetako oihartzuna.

Abesti berriek, edo, hobe esan, disko berriak, izango du halako kohesio bat, adierazi digutenez. “Kantuen bukaerekin beti arazoak izan ditugu, eta hemen okurritu zitzaigun, lehenengo kanta besterik ez genuenean, abesti guztiak modu berean amaituko zirela, animalien aipamenekin”. “Bukatu bakarrik ez, baita hasi ere!”, gaineratzen du barrez Jon anaiak (abeslaria eta gitarra jotzailea). “Azkenean dena bloke bat da. Disko osoa ia kanta bakarra izango balitz bezala eginda dago”, azpimarratu du.

Animaliak beti aurkitu izan dira Big Boyen abestietan. “Letrak errepasatzen joan nintzen, eta beti agertzen ziren animaliak. Abesti berri hauetan ere agertzen dira, eta batzuetan modu esplizituagoan. Baina, Big Boy bera animalia bat zen, beraz...”, dio Iñigo Garciak.

Disko kontzeptuala izan daitekeela esan, eta barrez hasi dira bi anaiak, Iñigo eta Jon. Baina Juan Luis Blancok (teklatuak) ideia baieztatu du: “kasu honetan kontzeptuala da, zalantzarik gabe. Edo kasualitatea ote da? Konturatu ginenean, horri indarra eman genion”. “Baina kontzeptua nahiko basikoa da”, erantzun dio Iñigok. “Hori beste gauza bat da!”, amaitu du Blancok.

Iker Hazasek (bonbardinoa), Uhin Loiolak (bateria) eta Unai Eizagirrek (baxua) osatzen dute, gaur egun, Big Boy. Eizagirre da taldera heltzen azkena. “Espero dut definitiboa izatea”, dio Jon Garciak. “Harkaitzekin [Bastarrika, TikTara taldeko burua eta baxu jotzailea] zegoen arazoa zen mila gauzatan sartuta zegoela, eta Unai ere hala dabil... –Voltaia eta Ezpalak taldeetako baxu jotzailea ere bada–. Hasi ginenetik laugarren baxu jotzailea da Unai, eta espero dut betirako geratuko zaigula”. Taldetik pasatako baxu jotzaile bakoitzak bere estilo propioa ekarri diola onartu du abeslariak.

Aurreko bi diskoekin alderatuta, berri hau taldekide guztien artean lokalean bertan egindakoa dela azpimarratu dute. “Haria aurrekoen parekoa da. Musika aldetik aurrekoen linean mantentzen da. Baina, konposatzerako orduan, honetan denok bat egin dugu. Den dena lokalean atera da. Lehen diskoa gehiago izan zen Iñigok eta biok estudioan egindakoa. Bigarrenean ideia batzuk bazeuden, eta haien gainean egin genuen denok lan. Hau da dena lokalean egin dena. Hasieratik bukaerara denok egindako zerbait izan da”, dio Jon Garciak.

Kanta bereziak

Iraupen laburreko diskoa izango dela diote taldekideek. Abesti gehiago konposatu baino nahiago izan dute bere horretan utzi. “Kanta bereziak dira, eta iruditu zitzaigun beste abestiren bat sartuta konjuntoa hautsiko zela. Abestiak lokalean grabatu genituen lehenbizi, sekuentzia desberdinak probatu genituen, eta gustukoa genuen ordena lortu genuenean, kontzertua eta diskoaren grabazioa lotzen saiatu ginen”, azaldu du Iñigo Garciak.

Zumaienako aretoan grabatu dute diskoa aste honetan bertan. “Abestiek osotasun bat dutenez, egokia iruditu zitzaigun diskoa zuzenean grabatzea. Aurreko diskoak grabatzerakoan batak bestearena ez zuen entzuten, eta horren pena nuen; nik, behintzat”, dio Iñigok. “Banaka grabatzea ez da gauza bera. Eta, horregatik, kontzertu bat balitz bezala grabatzea pentsatu dugu, denok batera jotzen”.

Diskoak jasoko dituen abestiak grabatuta, diskoa bera ateratzeko eperik ez dute jarri, baina urte bukaera baino lehen aterako dutela espero dute. “Grabazioa bukatu, eta horrekin jarriko naiz. Baina eperik ez dago; nik ez dut jarri, behintzat”, amaitu du Jonek.