Woody Allenen pelikularen grabazioak izango duen eraginaren berri eman du Udalak

Baleike 2019ko uzt. 19a, 17:08
Woody Allen zinemagilea eta Vittorio Storaro argazki zuzendaria Bulebarrean, grabaketaren lehen egunean. Argazkia: Peru Iparragirre / Irutxuloko Hitza

Astelehen honetan, hilaren 22an, Woody Allen zinemagile estatubatuarra Itzurun hondartzan izango da pelikula berria errodatzen. Hondartzako zati bat erabiliko dute goizeko 9:30etik 19:30era bitartean. 

Itzurun hondartzaren erditik eskuinerako aldeko zati bat itxita egongo da grabaketek irauten duten bitartean, goizeko 9:30etik arratsaldeko 19:30era. Herritarrek hondartzaren gainontzeko espazioa erabili ahal izango dute egun osoan. 

Aparkalekuei dagokionez, igande goizetik astelehen gauera bitartean, Arranpla pareko aparkaleku-eremua erreserbatuta egongo da. Astelehenean, Arranpla pareko aparkaleku-eremuaz gain, Itzurun hondartzaren pareko aldapan dauden aparkalekuak ere grabaketa-ekipoarentzat gordeta egongo dira, goizetik.

Itzurun Zuhaizbidearen azken zatian eta hondartzara jaisteko aldapan, grabaketa-taldearen makinaria eta kamioiak egongo dira, baina ez du herritarrak bertatik pasatzeko inolako eragozpenik sortuko.

Egun osoan zehar ingurunea zaintzapean egongo bada ere, Udalaren arabera, grabaketek ez dute irisgarritasunarekiko edo larrialdi zerbitzuen funtzionamenduarekiko inolako mugarik sortuko.