Woody Allenen film berriko irudiak grabatuko dituzte Itzurun hondartzan

Juan Luis Romatet 2019ko uzt. 11a, 10:36
Argazkia: BeƱat Parra

Uztailaren 22an errodatuko dituzte eszenak, eta hondartzaren erdia hartuko dute horretarako. Donostiako Zinemaldian girotutako komedia erromantiko bat izango da film berria.

Woody Allen zinemagile estatubatuarrak Euskal Herrian errodatuko du bere film berria. Donostiako Zinemaldian girotzen da oraindik izenbururik ez duen komedia erromantiko hau, eta Gipuzkoako hiriburuan ez ezik, Pasaian edota Zumaian ere grabatuko ditu irudi batzuk. Zumaiako kasuan Itzurun hondartzan izango da, uztailaren 22an.

Hondartzaren erditik eskuinerako aldea itxiko dute egun horretan, 09:30etik 19:30era, hain zuzen. Egun osoan ingurunea zaintzapean egongo da, baina, Zumaiako Udalaren arabera, grabaketek ez dute irisgarritasunean eta ohiko zerbitzuetan eraginik izango.

Azken urteotan pelikuletako eta telesailetako agertokia bihurtu da Zumaia, bai Itzurun hondartza bai herriko Alde Zaharra ere. Bertan grabatu dituzte Game of Thrones telesailarentzako edo 8 apellidos vascos komedia arrakastatsurako eszenak. Zumaia beste film edo telesail askotan ere agertu da: Aupa Etxebeste!, Lasa eta Zabala, Arriya, Brinkola edo Zipi y Zape y la Isla del capitán, gutxi batzuk esatearren.

Unibertso baten sortzailea

Martin Scorsese eta Sidney Lumet zuzendariekin batera, Allen New Yorkeko kronista handienetakoa da. Bertan girotu ditu bere pelikula gehienak, zalantzarik gabe, bere filmografia luzeko onenak: Annie Hall, Manhattan, Broadway Danny Rose, Crimes and misdemeanors…Komedian eta draman maisuki mugitu den zinemagilea, unibertso propio baten sortzailea da, hiritarra eta intelektuala, behin eta berriro imitatua izan dena, baina ez dutena inolaz hobetu.

XXI. mende hasieran, ordea, Ameriketako Estatu Batuetan pelikula berriak egiteko aurkitzen zituen finantziazio arazoak medio, bere fase ibiltaria edo, nolabait esatearren 'turistikoa' hasi zuen: Match point eta Scoop egin zituen Ingalaterran, Midnight in Paris eta Magic in the Moonlight Frantzian, To Rome with Love Italian eta Vicky Cristina Barcelona Katalunian. Azken hori bezala, Donostian girotutako film berria Jaume Rouresen Mediapro etxeak ekoiztuko du.

Tartean, Amazon erraldoiarekin telesail bat eta hiru filma egiteko kontratua sinatu zuen Allenek. Telesaila (Crisis in six scenes) eta lehen filma (Wonder wheel) estreinatu zituen; ez, ordea, bigarrena: A rainy day in New York. Bien artean Harvey Weinsten ekoizlearen sexu-abusuen berri jakin zen. Horren ondoren sortutako Me too mugimenduak hankaz gora jarri zuen AEBko gizartea, eta tartean harrapatu zuen New Yorkeko zinemagilea. Izan ere, orban handi bat du Allenek: bere orduko bikotekideak, Mia Farrow aktoreak, Dylan alabari abusuak egin izanaz salatu zuen 1992. urtean. Salaketa hori artxibatu egin zuen fiskaltzak, baina azken urteotako sexu-abusuen auziak berriro azaleratu zuen, Allenen etorkizuna kinka larrian jarriz.

Herenegun Donostian emandako prentsaurrekoan Allenek adierazi zuen ez zuela erretiroa hartzeko asmorik. Donostian girotutako pelikula Rouresek finantziatu dio; Allenekin etorkizun hurbil batean zer gertatuko den edonork daki.