‘Benditas’ antzezlanak emango dio hasiera kaleko antzerki zikloari

Baleike 2019ko uzt. 5a, 08:00

El mono habitado taldearen ikuskizuna Forondan egingo da igande honetan 19:30ean. Abuztuaren erdira bitartean beste lau antzezlan egingo dira herriko leku desberdinetan

Udazkenetik udaberrira luzatzen den areto barruko antzerki denboraldi aberatsa du Zumaiak aspaldidanik. Antzerkia aretotik kalera ateratzeko asmoarekin, bost saioz osatutako kaleko antzerki zikloa antolatu du orain Udaleko kultura sailak. 

"Antzerki programazio iraunkorra dugu urtean zehar areto barruan, eta uda aprobetxatzen dugu kalean zerbait egiteko eta espazio desberdinak erabiltzeko", dio Miriam Romatetek, Zumaiako Udaleko kultur teknikariak. Kaleko antzerki konpainiek zailtasun handiagoak dituztela gaineratu du, "batik bat, beti jaietan programatzen dituztelako". Aurreiritzi batzuekin ere hautsi behar dela dio: "kaleko antzerkia ez da umeentzako antzerkia bakarrik. Antzezlan hauetan haurrentzako saioak daude, familia osoarentzakoak eta baita helduentzakoak ere".

Lehen antzezlana igande honetan bertan, uztailaren 7an, egingo da, 19:30ean, Foronda kultur etxean. El mono habitado taldearen  Benditas izeneko lana aurkeztuko du. Tonu surrealista erabilita, bi emakume artzainen elkarrizketez osatzen da antzezlana. Ardien zaintzan zirela amabirjina azaldu ote zaien argitu nahi izango dute. "Forondan egitearen arrazoia da giro berezi bat sortu nahi dugula", dio kultura teknikariak. Zaletuei Forondara igotzea animatzen die. "Oso laburra da, eta garaiz joatea eskatzen dugu".

Datorren igandean, uztailaren 14an, 19:00etan hasita eta Beheko plazan Gansoren Babo Royal ikusteko aukera izango da. "Burutik jota dagoen erregea eta trobalari bitxia. Lurralde txiki honetan xelebrekeria da jaun eta jabe", dio familia osoarentzat zuzendutako lanaren sinopsiak. 

Hurrengo asteburuan, uztailaren 20an, Patata tropikala konpainiaren Pirata Garrapataren abentura II haur antzerkia izango da Zumaian. 20:00etan egingo da, Odietan. Formatu txikiko antzerkia, magia, antzerkia eta txontxongiloak tartekatzen ditu. Kutsadurak naturan duen eraginaz hitz egiten da, besteak beste.

Abuztuan beste bi saio egingo dira. Abuztuaren 15ean, Erribera kalean, 20:00etatik aurrera, Zanguango Teatroren Al otro lado ekarriko da, maiatzean Leioako umore azokan estreinatutako lan berria. Hilaren 17an, berriz, 18:00etan, Beheko plazan, Eidaberen Gora Kasete lana ikusteko aukera izango da. 

Horrez gain, uztailaren 31tik abuztuaren 11ra bitartean egingo den Musika Jaialdiko egitarauaren baitan, bi dantza ikuskizun izango dira: Block dantza eta El fin de las cosas.