Jon Kareaga: "Gure kontsumo ez arduratsuek halako ondorioak dakartzate"

Baleike 2019ko uzt. 4a, 15:41

Gaur Zumaian egiten ari diren Kontzientziazio Egunaren baitan, goizean Zumaia eta Deba arteko harraldean pilatutako plastikoak eta zaborrak jaso dituzte. Ekimenak arratsaldean jarraituko du, 18:00etatik aurrera Aita Marin egingo den ekitaldiarekin.

Goizeko 10:00etan elkartu dira Algorrin, eta, azalpenak jaso ondoren, harraldera joan dira itsasoak arroketara eramandako hondakinak jasotzera. Zabor hori eguerdian Kofradian erakutsi dute. 

Jon Kareaga zumaiarra da Kontzientziazio Egunaren sustatzaileetako bat. Irteera hasi aurretik gogoratu du harraldea plastikoz beteta dagoela, eta orain gutxi bandera beltza jarri diotela Geoparkeari. Ekimen honetan Udalak, Aldundiaren Ingumen sailak eta beste eragile batzuk ere parte hartzen dutela adierazi du. "Proiektua aurrera eramatea erabaki genuen. Halako ekimenak jendearen kontzientzia pizteko eta ingurumenean egiten ari garen kaltearen inguruan informatzeko garrantzitsuak dira", azaldu du. "Gure kontsumo ez arduratsuek halako ondorioak dakartzate", gaineratu du.

Ekitaldia arratsaldean 

Kontzientziazio egun honek arratsaldean izango du jarraipena. 18:00etan hasita, ekitaldia egingo da Aita Mari zinean. Bask proiektuko, Fridays for Future Gipuzkoako eta Ekorec enpresako kideek hartuko dute hitza eta, ondoren, Kareaga berak zuzendutako Made in made for dokumentala emango dute.