G7aren aurkako ekitaldiak egingo dituzte Torreberri Gaztetxean

Baleike 2019ko uzt. 3a, 08:48

Abuztuaren 24, 25 eta 26an G7 gailurra egingo da Miarritzen, Euskal Herrian. Horren aurrean, bi ekitaldi antolatu dituzte aste honetan Torreberri Gaztetxean. 

"Mendebaldeko zazpi potentzia nagusietako buruzagiek kapitalismoa betikotzeko eta neoliberalismoan sakontzeko konpromisoak hartuko dituzte, non eta Euskal Herrian, erresistentzia, elkartasuna eta bestelako mundu bat eraikitzeko borondatea hain bizirik dauden herrialdean", adierazi dute Gaztetxeko kideek sare sozialetan partekatutako mezu batean. "Gaztetxeko kideok ere ez esango diogu G7ari, eta ez bere interesen arabera eraikitako munduari!", berresten dute. 

Horren harira, bi ekitaldi egingo dira aste honetan, horietatik lehena gaur bertan. Gaur, 22:00etan hasita, Diaz: No limpiéis esta sangre filma proiektatuko dute, 2008an Genovan egin zuten G8 gailurrean izandako gertakarien ingurukoa. Solasaldia izango da filmaren ostean. Ostiralean, berriz, 19:00etan hasita, hitzaldia emango dute G7 ez plataformako bi kidek, gailurraren eta hark ordezkatzen duen mundu ikuskeraren inguruan.

Era berean, gailurraren egunetan Hendaian egingo den kontragailurrean parte hartzeko deia ere egiten dute Gaztetxeko kideek, baita gainerako mobilizazioetan parte hartzekoa ere.