Ander Hormazuri: “Nire estiloa daukat eta saiatzen naiz estilo hori markatzen”

Baleike 2019ko eka. 26a, 14:52

Ander Hormazuri (Zumaia, 1966) artistak bere lan berriak erakutsiko ditu Alondegiko Oxford aretoan. Erakusketak gaur zabalduko ditu ateak, 18:30ean. Erakusketa honetara ekarriko dituen lanez eta, oro har, bere ibilbideaz aritu gara berekin hizketan. 

Orain gutxi Kabi tabernan erakutsi zenituen zure lanak. Orain Oxforden zabaldu duzu erakusketa. Diferentzia handia dago bien artean.

Lekuek edo gaiek obra desberdina eskatzen dute. Udazkenean erakusketa bat egin genuen Getaria eta Zarautzko itsasertzean, eta han itsasoa zen gaia. Zumaiako Kofradian egin genuenak ere gai hori zuen. Gaia emandakoa zen eta tematika sozialagoa hartu nuen: etorkinen arazoak, zaborrarena, etab. Kabirako egindakoa libreagoa izan zen, bertako estetikarekin konbinatuz, eta nire garai bateko pertsonaitxoak erabiliaz. Erdi jolasean egindako obra izan zen hura. 

Esan daiteke Oxfordeko erakusketa honetan ohikoagoa den lan batera itzuli zarela?

Kasu honetan hiru serie jarri ditut. Bat Kabikoaren ondoren egindakoa da, antzerakoa. Nahiz eta ez izan lotura handirik erakusketako beste lanekin, aurreko urteotan landutako gizontxoak hor daude. Koadroetan ez daude pertsonaia hauek, baina zergatik ez jarri jolasten kanpoan? Erakusketan jarritakoan konturatu naiz ongi egokitzen direla besteekin. Kolorez eta tematikaz ez dute, agian, besteen antzik izango, baina nire mundu txiki honen parte dira. Beste obrak ez dira aurrekoekiko oso desberdinak: itzalen bueltan doaz, estruktura arkitektonikoekin. Bizitza osoan erabili ditudan espazioak jasotzen ditut. Barruan dauden aukera infinitu horietan murgiltzen naiz. Batzuetan sinplifikatzen joaten naiz, eta beste batzuetan konplikatzen, baina oinarria oso antzerakoa erabiltzen dut.

Badaude obra batzuk, tonalitateagatik edo, aurretik egindakoengatik aldentzen direnak.

Distira handiko obra hauek eskultura txiki batetik sortu dira. Itzalari garrantzia eman beharrean, islari eman nion. [Pintura tailerreko] ikasleekin islak eta itzalak landu ditut, baina nire obran ez ditut islak erabili orain arte. Hala ere, nire obrarekin oso lotuta doaz. Agian, oso desberdin ikus daiteke. Sei koadroko beste serie bat ere egin dut beste bi obra motak lotzeko, eta ohartzeko, askotan oso desberdin ikusi arren, mundu bereko parte direla. Gauza bat adierazteko mila mota daude, baina nik nire estiloa daukat eta ahalegintzen naiz estilo hori markatzen. Obra bat serioagoa ikus daiteke eta pertsonaiena arinagoa, baina dena da nirea. 

Urte pila zoaz arte munduan. Zerk eramaten zaitu obra berriak sortzera?

Gaztetatik arte munduan dabilenaren burua beti dago martxan. Ideiak beti sortzen dira; ideia horiek gero irudikatuko diren beste kontu bat da. Aurreko erakusketan, nahita, bozeto mordo bat jarri nituen, ohartzeko lana nola egiten dudan. Ideia etortzen zaizu eta hor geratzen da. Gero, garatzen den edo ez beste historia bat da. 

Sormen lana etengabekoa da. 

Sormen hori batzuetan puntu batean geratzen da eta beste batzuetan garatuz doa, denboraren eta lanaren arabera. Hemengo obra batzuen apunteak orain dela urte asko hartutakoak dira. Baina gero han geratu ziren, zaharkituta. Orduko obra bera ez zitzaidan gustatzen, baina bai ideia. Agian lan hauek hemendik lau urtera ez zaizkit gustatuko, baina hortik etorriko zaizkit beste 10.000 gauza. Instalazio batzuetarako izandako ideietatik sortutako gauzak ere badaude hemen. Eta instalazioak ez ditut inoiz egin. Instalazioak egiteko baliabideak eta espazioak behar dituzu. Kasu honetan Oxforden nuen erakusketa, eta espazio honetarako sortu ditut lanak. Beste espazio baterako, agian, beste lan bat egingo nuen. 

Nola ikusten duzu zure lana etorkizun batean?

Bizitza bezala da, ahalegintzen gara bide bat hartzen, baina bizitzak beste leku batzuetan jartzen zaitu. Gaztetan, agian, jomuga bazen obrak saltzetik bizitzea, edo instalazioak egiten ibiltzea munduan zehar. Ametsak behar dira. Ni ez naiz kexatzen, azken finean, gustuko lanak egiten ditut eta oso eroso sentitzen naiz. Urte batzuek barru ez dakit. 

Esan nahi nuen ea bilakaera horretan hurrengo pausoak zehaztuta dituzun. 

Ez. Gainera, saiatzen naiz obra atenporalak egiten. Ez du garrantzirik 1998koa, 2000koa edo 2019koa den. Nire obra ezagutzen duenak agian suma dezake izandako eboluzioa, edo inboluzioa. Etorkizunean harrituko nintzateke nire tematikatik urrutiratuko naizenik. Konturatu naiz 1984an edo 1985ean hasi nintzenean egindako lan batzuek orain egiten dudanaren antza handia dutela. Ez da era kontziente batean egindakoa. Bideak hor daude, tartean kolpe batzuk egongo dira, koloreak edo testurak, adibidez –eta horiek probatzea beharrezkoa da–, baina ohartzen naiz eredu batzuk daudela. Batzuk noraezean arituko dira zerbaiten bila, ni, berriz, nire munduan eroso sentitzen naiz, eta, gainera, disfrutatu nahi dut obra egiten; hor dago diferentzia.

Erakusketa gaurtik uztailaren 14ra arte egongo da Oxford aretoan. Ordutegia: egunero 18:30-20:30; asteburuetan eta jaiegunetan eguerditan ere zabalduko du: 12:30-14:00.