Sei sokako poliedroa

Juan Luis Romatet 2019ko eka. 22a, 14:06

Joseba Irazoki eta Lagunakek kontzertua emango dute gaur kofradiako plazan, 22:00etatik aurrera, Baleikeren 25. urteurreneko ekitaldien baitan. Ekaineko Baleike aldizkarian argitaratutako artikuloa ekarri dugu webgunera. 

Gaur egungo euskal musikako pertsonaia interesgarrienetako bat da Joseba Irazoki (Bera, 1974). Bere abestietan folka eta abangoardia, New York eta Baztan, barealdia eta ekaitza, hori guztia eta gehiago uztartzen dituen musikari poliedrikoa, eta aparteko gitarra jotzailea da nafarra.

Urte luzez Euskal Herriko undergroundean mugitu ondoren, azken urteotan ikusgaitasun handiagoa lortu du Irazokik, gehienbat ETBko Tumatxak telebista saioan agertu ondoren. Programa horretan euskal kanta ezagunak bere galbahetik pasatzen zituen, abesti klasikoei forma berritzaileak emanaz.

Ibilbide luzea du, baina, Berakoak. 2004tik hona atera dituen 18 diskoek hala erakusten dute. Bere izenean ez doazen disko askotan ere aurki daiteke, ordea, bere gitarraren oihartzuna. Bakarkako ibilbidea izateaz gain, beste zenbait musikari edo talderen gitarra jotzailea ere izan da Berakoa, besteak beste, Duncan Dhu, Nacho Vegas edota Rafael Berrio. Horiez gain, Petti eta Etxeko Uzta, eta Atom Rhumba taldeetako kide, edo Bas(h)oan proiektuko partaide ere izan da, Beñat eta Julen Achiaryrekin batera.

 Ez da geldirik egotekoa. One man band formatuan rock-blues kubista, zoroa eta ikonoklasta jotzen ez duenean, lagunei deitzen die Joseba Irazoki eta Lagunak proiekturako. Eta zer lagun! Euskal musikako dream teama biltzen du bere inguruan. Lagunen lehen diskoan (Joseba Irazoki eta Lagunak. Bidehuts, 2014) Felix Buff (Willis Drummond), Jaime Nieto (Atom Rhumba), Ager Insunza (Audience) edo Iban Urizar (Amorante) zituen bidaide. Iazko azaroan argitaratu zuen bigarren diskoan (Zu al zara? Bidehuts, 2018), berriz, Buffek, Nietok eta Borrokan taldeko Ibai Gogorzak osatu zuten taldea. Formazio horrekin dabil orain biran.

Joseba Irazoki sarritan izan da Zumaian azken urteotan zuzenekoak ematen, gehienbat bakarlari moduan. Ekainaren 22an, ordea, Lagunak taldearekin izango da Baleikek bere 25. urteurrenerako antolatutako kontzertuan. Emanaldia 22:00etan izango da, Mari kalean. Prest egon rock'n'roll ekaitzerako!