Etxabe-Oiarzabal eta Antia-Aranbarri bikoteek jokatuko dute esku pilota txapelketako finala

Baleike 2019ko eka. 22a, 10:27

Esku pilota txapelketa herrikoiko finalaurrekoak jokatu ziren atzo Odieta pilotalekuan. Bi partida berdindu eta lehiaturen ondoren erabakita geratu da zer bikotek jokatuko duten finala datorren ostiralean. 

Kimetz Etxabe-Imanol Oiarzabal eta Mikel Odriozola-Mikel Alkorta bikoteek jokatu zuten finalerdietako lehen partida. Lehen tantuak erakutsi zuen zer nolako partida izango zen: gogorra, lehiatua eta berdindua. Etxabek eta Oiarzabalek alde txiki bat zabaldu zuten hasieran, baina urdinek berehala berdindu zuten partida. Hala jarraitu zuen ia norgehiagoka osoak. Ordubete pasa iraun zuen partidak, eta Etxabe eta Oiarzabal izan ziren azkenean nagusi 22-18 emaitzarekin.

Bigarren partidan Unai Antia-Jon Aranbarri eta Ander Odriozola-Joseba Martija neurtu ziren. Hau ere partida gogorra izan zen. Antia eta Aranbarri jarri ziren aurretik, baina Odriozolak eta Martijak buelta eman zioten markagailuari. Partida irabazteko sekulako aukera ere izan zuten: 21-17 emaitzarekin aurretik egon ziren. Azken tantuetan, ordea, oikiarrak hobeto moldatu ziren, eta 22-21 emaitzarekin irabazi zuten. 

Txapelketako azken partidak ostiralean, hilaren 28an, jokatuko dira Odietan, 18:00etatik aurrera. Hasteko, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Mikel Odriozola-Alkorta eta Ander Odriozola-Martija bikoteek. Jarraian final handia jokatuko dute Etxabe eta Oiarzabalek Antia eta Aranbarriren aurka.